Michelingo zelaian errugbiaz gozatu ahalko dute herritarrek larunbat arratsaldean. 16 eta 18 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek Uribealdea izango dute aurkari. Norgehiagokak 16:00etan eta 18:15ean hasiko dira, hurrenez hurren.
Babyauto Zarautzen garaipen garrantzitsua
Joan den asteburuan berebiziko garaipena eskuratu zuen Ohorezko B mailan ari den Babyauto Zarautz taldeak. Arauzko 80 minutuak jokatuta, 33-26 nagusitu ziren Phil Huxford eta Facundo Orivek zuzendutako jokalariak. Partiduan zehar lau entsegu egitea lortu zutenez, erasoko bonusa irabazi zuten, garaipena poltsikoratzeaz gain. Hortaz, bost puntu bildu zituzten; sailkapenera begira urrezkoak dira horiek. Rekondo anaiek (Xabierrek eta Anderrek) eta David Vegak hasieratik jokatu zuten.
Asteburu honetan berriz, A Coruñara (Galizia) joango dira zarauztarrak, CRAT A Coruña taldearen aurka jokatzera. Igandean neurtuko dituzte indarrak bi taldeek, 12:00etatik aurrera, Acea Da Ma zelaian.