LOKEko judoken dominak Avilesen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 2a

Zeresana eman zuten LOKEko judokek Avilesen jokatutako Espainiako Superkopan. Eneko Eizagirre kadete oriotarrak urrezko domina erdietsi zuen kadete mailan, eta brontzea Fermin Balda herritarrak juniorrenean.

Bukatu berri den zubian albiste onak besterik ez dituzte eman LOKEko judokek. Kadete eta junior mailako bost Avilesen lehiatu ziren, Espainiako Superkopan. Eneko Eizagirre kadeteak urrezko domina irabazi zuen, eta brontzezkoa Fermin Balda juniorrak. Horiez gain, beste hiru judokek ere maila txukuna eman zuten, kontuan hartuta "kadete eta junior mailako konpetizio indartsuena" izan zela Avilesekoa, Gorka Aristegi prestatzaileak nabarmendu zuenez.

Esan bezala, kadete mailan urrea kolkoratu zuen Eneko Eizagirre oriotarrak, borrokaldi bikainak eginda. Ander Garridok lehenengo hiru borrokaldiak irabazi zituen, baina gero finalerdietara pasea eta brontzeagatikoa galdu zituen. Azkenik, Yeray Mendibek bi irabazi eta beste bi galdu zituen.

Junior mailan, Fermin Baldak eskuratutako brontzezko domina da emaitza aipagarriena. Lau borrokalditan lehiatu zen herritar gaztea, hiru irabaziz eta bakarra galduz. Haritz Urdangarin ere lehiatu zen, baina ez zuen egun ona izan. Aristegik bost judoken lana goraipatzen du: "Zoriondu egin nahi ditut egindako lana eta erakutsitako jarreragatik".