Txapelketari agur, irabaziz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 2a

Arteaga II.ak garaipena eskuratuz esan zion agur promozioko lau t'erdiko txapelketari. Multzoko lider Elordi bizkaitarra hartu zuen mendean, 15-22. Finalerdietara sailkatzeko aukerarik ez zeukan herritarrak, baina erakutsi zuen motibaziorik ez zitzaiola falta. Etorkizunera begira konfiantza hartzeko ederki etorriko zaio iragan igandeko garaipena.

Arteaga II.ak irabaziz agurtu du promozioko lau t'erdiko txapelketa. Herritarrak ordura arteko bi norgehiagokak galdu eta ez zeukan aukerarik finalerdietara sailkatzeko, baina hala ere, oso motibatuta irten zen Atano III.a pilotalekuko kantxara. Aurrez aurre multzoko lider Aitor Elordi bizkaitarra izan zuen Arteagak. 

Askoz hobeto ekin zion norgehiagokari Elordik, eta markagailuan ere islatu zen: abantailak 3-0, 5-2, 10-6 eta 14-7koak izateraino. Hori izan zen norgehiagokaren inflexio-puntua. Arteagak ez zuen etsi, eta pixkanaka-pixkanaka aldea jaten hasi zen, markagailuari buelta eman eta partidua irabazi arte. 0-12ko partziala sartu zion herritarrak Elordiri, 15 tantutan utziz.

Hurrengo errondara sailkatzeko aukerarik eduki ez arren, garaipena primeran etorriko zaio herritarrari datozen norgehiagoketara begira konfiantza irabazteko.

Gipuzkoako 1go mailako finalerdiak

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako bikoteak Gipuzkoako 1go mailako finalerdiak jokatuko ditu larunbat honetan, Oreretako EPLE taldeko pilotarien aurka. Norgehiagoka 09:45ean hasiko da, Oreretako Agustina Otaola pilotalekuan. Erronda honetara sailkatuta balentria ederra egin du Intza KEk, baina behin hona iritsita, berriz ere ezustekoa eman gura dute Artetxek eta Elolak. Irabazi eta finalera sailkatuz gero, kategoriaz igoko lirateke, bigarren urtez jarraian.

3. mailako seniorrek, berriz, ostiralean itxiko dute ligaxka, Legazpiren aurka jokatuz. 19:30ean hasiko da norgehiagoka, Michelingo pilotalekuan. Orain arte bezala, Haritz Urkia eta Aritz Solanok osatuko dute Intza KEren bikotea.