Ahobizien aldaketa giro ederrean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 2a, 10:30

Lehenengo lekuko aldaketa egin zen ostiralean Sasoeta-Zumaburu ikastetxean. Honetan lehen eta bigarren txandako Ahobiziak batu ziren.

Lehenik, bi txandak banandu eta dinamika bat egin zuten. Ostean, gimnasioan bildu eta Estitxu Garmendia eta Joxe Mari Agirretxe zortzikoteko kideen animo hitzak jaso zituzten. Agurra dantzatu eta Ane Labaka eta Zigor Iriondok bertsoak eskaini zituzten. Lekuko aldaketa ere egin zuten, batzuk besteei txapa emanaz.

Familia argazkia egin eta guztiak Ttittiki Ttarrakako lagunekin kalejiran hurbildu ziren Jalgira. Bertan bi txandeko kideek lasaiago haien esperientzietaz hitz egiteko tartea izan zuten.

Iker Sarasola 

Lehenengo txandako Ahobizia

Zer moduzko esperientzia izan da Ahobizi izatea?

Esperientzia ona izan da.  Hala ere, zaila izan da momentu batzuetan. Ohitua zaude pertsona batzuekin gazteleraz egitea, hauek ez dutelako euskara ongi ulertzen eta arraroa egin zait haiekin euskaraz egitea.

Esperientzia polita eta gomendagarria da benetan. Orain lehen gazteleraz egiten zuten pertsona batzuekin euskaraz egiten dut.  Gainera, txaparik ez duen jendea eta lehen beti gazteleraz egiten zidana hurbildu zait eta euskaraz hitz egin dugu. 

Jendeak ilusioa duela ikusten da. Kaletik txapak ikusten dira. Maratoiko asteburuan bizitakoa, egunerokotasunera eramatea zaila da. Baina ilusioa dagoela ikusten da.

Belen Insausti

Bigarren txandako Ahobizia

Zer lortu nahi duzu esperientzia hau biziaz?

Herri bezala, Lasarte-Orian euskararen hedapena egon dela argi geratu dadila. Esfortzuarekin aurrera pausoak egiten ari garela ikustea.

Pertsonalki, erronka bat da, ni euskaldun berria izanik. Beti saiatu naiz lehen hitza euskaraz egiten, baina zaila egiten zitzaidan elkarrizketan aurrera egin eta erdarara ez jotzea edo gaztelerazko esamoldeak erabiltzea. Aste honetan, bukaeraraino euskaraz hitz egitera behartuko dut nire burua.

2015ean hasi nintzen euskara ikasten. Gainditu gabeko ikasgaia zen. Behin ikasita argi nuen erabiltzeko zela. 

Egun hauetan, Belarriprest modura, ezagunak edo txapadun herritarrak gerturatu zaizkit euskaraz egiteko. Zenbait kasutan erdaraz egin behar izan dugu, baina gehiena euskaraz egiten saiatu naiz.