1.010 lasterkari txiki

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 30a, 14:31

Korrikaren festa handia iritsi zen helduen krosaren ostean. Herriko haur zein gaztetxoek korrikaldi ederrak osatu zituzten. Guztira 25 taldetan banatuta egin zuten lasterka 1.010 parte hartzailek. Aurtengo berrikuntza bezala, infantil eta kadete mailako neska-mutilak izan zirela korrika egiten lehenak eta ondoren, 2011n jaiotakoetatik 2005era artekoen txanda izan zen.

Korrikaren festa deitzen dio Ostadarren haur zein gaztetxoen lasterketari eta zalantzarik gabe gaurkoan ere festa handi bat izan da. Guztira 1.010 haur eta gazte elkartu dira kros nagusiaren ostean korrika egiteko.

Lehenengoz, antolakuntzak horrela erabakita, zaharrenek hasi zuten txanda. Infantilk eta Kadete mailako lasterketetan korrikaldi ederrak ikusi ahal izan ziren baita helmugaratzen lehena izateko grina ere. 

Jarraian, txikiagoek hartu dute lekukoa. Ohi bezala Ostadarreko laguntzaileak izan dituzte lagun. Ibilbideari hainbat buelta eman behar izan dizkietenak, lehenengo itzulia neurtua egiten dute Ostadarreko laguntzaileek gidatuta ostean, modu librean egin dute lasterka. 

Lasterketei dagokionez, asko izan dira lehenak iristeko gogotsu aritu direnak beste batzuk ordea, ondo pasatzeko helburu bakarrerakin irtenda, lagunekin eskutik hartuta edota koadrillan egin dute korrika. Azkenekoek ere animo gehien eskuratu dutenak izan dira, izan ere, etengabekoak izan dira txalo zaparradak ikusleen aldetik.

Argazki onenak
Bestalde, ezin ahaztu bide bazterretan aritu direnekin. Izan ere, marea laranjak kalea hartu bezain laster guraso, lagun eta herritarren animoak ozen entzun dira. Guraso askok ere argazkiak atera nahi izan dituzte eta ibilbidearen bi alboetan kokatu dira mugikor eta kamara eskutan argazki onenak ateratzeko prest. Korrikalarien artean posatzeko jarri zirenak ere asko.

Beste urte batez kirol zaletasuna sustatzeko ekimena arrakastatsua suertatu da. Parte hartzaile guztiek euren domina golkoan harro erakutsi ahal izan dituzte amaieran eta hamaiketako goxoa ere egin dute.

Argazki albuma