Ostadar SKTren saskibaloi talde federatuek bost neurketa jokatu zituzten iragan asteburuan. Horietatik bi irabazi zituzten, eta galdu beste hiruak.
Emakumezkoen senior probintzialeko 1go mailako taldeak erakustaldia eman zuen Udal Kiroldegian. Ander Otaegi eta Beñat Eleiceguik prestatzen duten taldeak 95-29 irabazi zuen Askatuak donostiarren kontra. Multzoko bigarren tokian dago taldea, bi partidu irabazi eta bakarra galduta. Senior gizonezkoen 3. probintzialeko taldea, berriz, Federazio Kopan ari da lehian. 13. postua eskuratzeko kanporaketak jokatzen ari da. Iragan astean 90-46 hartu zuen mendean Mondragon Unibertsitatea, eta azken errondan sartu da. Easoren kontra jokatuko du.
Errendimendu junior kategorian ari diren bi taldeentzat ez zen jardunaldi onena izan iragan asteburukoa. A1 ligan ari direnek gutxigatik galdu zuten: 54-56 Askatuaken aurka. Multzoko hirugarren postuan dago taldea, hiru partidu irabazi eta beste hainbeste galduta. A2 ligako taldeak, berriz, Atletico San Sebastianekin neurtu zituen indarrak. Ezin izan zuen denboraldiko lehen garaipena eskuratu, 43-65 galdu baitzuen donostiarren aurka.
Azkenik, errendimendu kadeteek Mondragon Unibertsitatearen kontra jokatu zuten Arrasaten. Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak ezin izan zuen etxeko taldearen jokoa geratu: 77-32 galdu zuen.