Hasiera ekitaldiaren ostean, herriko txistulariketa zortzikoteko kideek diana ederra egin dute Lasarte-Oriako kaleetatik barrena.
I-gune parean, Iñigo Artolaren argazki bildumaren erakustaldiari hasiera eman zaio eta oholtzan berriz, Antonio Merceron egongo den Lasarte-Oriako toponimiari buruzko erakusketari. Bertan izan da Ikermapeko Imanol Goikoetxea toponimiari buruzko bitxikeriak kontatzen.
Biyak Bat elkartekoen gimnastika erakustaldiaren ostean, gosaldu ez dutenek edo indarrak berritu behar zituztenek txokolate gozoa dastatu ahal izan dute Intza elkarteak prestatua.
Bitartean, oholtzan zortzikoteko kideek Berasategi kafeak dendako Kontxi Berasategiren bisita jaso dute eta te eta infusio ezberdinak ezagutu ahal izan dituzte herritarrek.
Olinpiadak
Pixkanaka-pixkanaka Okendo plaza betetzen joan da. Izan ere, ostean ikastetxeetako haurren emanaldia izan baita.
Aurten gaia olinpiada izan da eta igerilariak, piraguistak, mendizaleak, futbolariak... izan dira oholtza gainean. Landaberri ikastola eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko haurrek bertsoak bota, antzerkitxoak egin edo gorputza ederki mugitu dute musikaren doinua jarraikiz.
Ezustekoren bat ere izan da. Esate baterako Euskadi Irratiko esataria oholtza gainean izan da zuzenekoa egiten. Zortzikoteko kideekin solasean egon da.
Hau amaitzean, haurrek Kale Nagusitik desfile koloretsu bat egin dute zortzikoteko hainbat kideren laguntzaz. Bitartean plazan, Okendoko palmondoaren aldeko aldarrikapen berezia izan da.
Goizari amaiera emateko, haurrek bazkari olinpikoa dastatu dute Okendo plazako karpan.
Kale Nagusian berriz, suhiltzaileen erakustaldia izan da. Liztor asiatikoen kabi bat nola kentzen duten ikusi ahal izan dute herritarrek.
Ahobizi eta belarriprest
Goiza osoan zehar, I-gunea jendez gainezka egon da. Herritarrek haien Belarriprest txapak jasotzera gerturatu dira, baina Ahobizien eta Belarripresten izen-emate kopurua handitu da.