Dinbi Banda herriko batukada taldearen perkusio-erritmo biziek eman diote hasiera arratsalde-gau parteko egitarauari. Ordu erdiz topera dantza egin ostean, sorgin dantza erraldoia egin da plazan. Ondoren, indarrak hartu dituzte herritarrek, sorgin afari gozoa dastatuz.
Afalosteko gaubelak ezin zuen bestelakoa izan, jakina: sorginkeria ez da Okendotik joan. 'Bea Hache' aurkezleak gidatu du sorgin gaua. Hainbat izan dira ekintzak: irrintziak, edabe prestaketa, istorio beldurgarriak, hipnosia, erotismoari buruzko gogoeta... Ez da ezer falta izan. Tartean, erritmoz betetako ordu aldaketak, zortzikotearen eskutik.
Sorginkeria agian ez, baina gertu. Aldazan/k!-en amaiera ikusgarria izan da oso: Nora Eizagirre diseinatzaileak, Ixabel Uzkudun ile-apaintzaileak eta Eneritz Mendiluze estetizistak itxura-aldaketa ederra eman diete Noa Carretero, Manex Lizarra eta Junkal Perezi. Horiekin batera, moda-munduko beste profesional batzuek ere hartu dute parte.
Festa, goizeko ordu txikietara arte
Parranderoenek ordu txikietara arte luzatu dute festa. Erokomerik ederki girotu du plaza bere doinuekin. Ondoren, hainbat herritarrek trebezia erakutsi dute mikrofonoarekin, karaokean. Eta, bukatzeko, Zigor Lanpre DJaren eskutik, lehertu arte egin dute dantza. Hiru orduz atseden hartuko du plazak, igandean zehar ere euskararen festaren erdigune izaten jarraitzeko.