Atzo izan zen ETAk terrorismoa utzi zueneko bosgarren urtebetetzea. Ez dakit egun hartakoa gertaera historikoa bailitzan hartu beharko genukeen. Historian letra larriz sartu behar dena, dudarik gabe, gure herriak ETAren doilorkeriagatik jasandakoa dela iruditzen zait. “Ni hiltzera noa… Eta ez noa pozik, bizitza ozpindu didazue, bizitza erremindu didazue”, esan zien Xabier Letek hil bezperan. Guztiz bat nator gure olerkari handiarekin. Terrorismoak historian sartu behar badu, euskal kondairaren orrialde beltzenetan egon beharko luke.

Indarkeria, inolako zilegitasunik izan ez duen biolentziari deitu ohi zaio. Ba, indarkeria ezberdinen pean bizi izan gara hamarnaka urteetan. Denen artean, ETA izan da amore ematen azkena. Ekintza guztiak amaitzen zituela adierazten zuen agiriaren urteurrena dela eta, jende askoren iritzia irakurri ahal izan dugu, azken egun hauetako egunkarietan. Gehienak pozarren agertu dira erabaki hark ekarri dituen ondorioekin. Bakezale guztiok hartu genuen lasaitu ederra azpimarratu dute. Ezin ukatu hori dela taxuzko edonork atera genezakeen atarramenturik argiena. Egoerak atzera bueltarik ez duela esaten denean, sinets egiteraino.

Hala eta guztiz, kontrakoak ere entzun izan ditugu azken astean. Hau adibidez: “Nork esan dezake hurrengo bost edo hamar urteetan jendearen bihotzetan egon daitekeen indarkeriaren sugarrak berpiztuko ez direnik, eta belaunaldi berriek indarkeriara berriro joko ez dutenik?”. Oso grabea litzateke nazioarteko aditu bezala ari den Currin jaunak BERRIA egunkariari esan dizkionak egia bihurtuko balira. Hala ere, oraindik indarkeria zale diren horiek ez dutela haizea bizkarretik edukiko deritzot. Ikusitakoak ikusi, bizitakoak bizi, herritar gehiengoa ez dut uste bakea azpi-jaten ari direnei begira ezer egin gabe geldirik egongo litzatekeenik.