Bularreko minbiziaren nazioarteko eguna

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 19a

Azokan postua jarri dute Katxalineko ordezkariek eta bertan aritu dira lazo arrosak banatzen eta euren lanaz hitz egiten. Udalak banku bat arrosaz margotzea erabaki du borroka honen adierazle izan dadin herrian urte osoan zehar.

Bularreko minbiziaren nazioarteko egunak herrian ere izan du isla.  Azokan Katxalin elkartekoek postua jarri dute eta goiz osoan, lazo arrosak jarri dizkiete herritarrei, horretaz gain, elkartearen Gabonetako loteria saldu dute eta asko izan dira elkartearen lanerako jasotako ekarpen ekonomikoak.  “Nabari da gizartea gaitz honekin sentsibilizatuta dagoela, ia herritar guztiek dute gaixotasun hau pairatu duen ezagunik”.

Udaleko ordezkariak postutik pasatzeaz gain, Gambo kalean Katxalineko ordezkariekin batera arrosaz margotu dute banku bat urte osoan zehar presente egon dadin borroka hau herrian. Alkateak adierazi du gune hori hainbat borrokari buruz kontzientziatzeko leku bihurtzea nahi duela: genero bortizkeria, HIESaren kontrako borroka edo gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen aldeko borroka. Horiek izango dira gune horretako bankuetan progresiboki agertuz joango diren beste motiboak.

Lazo arrosa jarri da ere udaletxeko balkoiko buru, “borroka horretan  pertsona eta instituzio guztiok inplikatu beharra daukagula gogorarazteko. Kontzientziatzea, prebentzioa, ikerketa dira borroka horretarako giltzarriak” adierazi dute udaletik.