Enplegu-dinamizatzailea behar du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 18a, 18:30

Lasarte-Oriako Udalak enplegu-eskaintza bat plazaratu du enplegu-dinamizatzaile errefortzua 5 hilabetez kontratatzeko.

Kontratazio hau % 67ko lanaldiarekin, astelehenetik ostiralera eta 9:00etatik 13:51ra bitartean. Soldata gordina 1.510,84 euro izango da, eta lanean hasteko aurreikusitako eguna azaroaren 7a da.

Pertsona kontratatuak udaleko dinamizatzailearekin elkarlanean hainbat arlotan egingo du lan, hala nola, enplegurako 2016ko ekintza lokalak, eskualdeko enplegu-planean oinarrituak,  herriko enplegu-plana edo turismo lokalaren arloko proiektuak.

Baldintzak

Lanpostua eskuratu nahi dutenek honako baldintza hauek bete behar dituzte: emakume langabetua, Lanbiden enplegu-eskatzaile moduan inskribatua egotea eta gehienez 35 urte izatea; goi-mailako ikasketa unibertsitario amaituak eta ikasketek garapen lokalaren esparruarekin zerikusia izatea eta EGA titulua edo baliokidea izatea. Udalak ohartarazi duenez, maila egiaztatzeko proba egin ahalko da.

Ez da beharrezkotzat eskainitako enpleguan edo tankerakoetan gutxienezko esperientzia bat izatea, baina esperientzia baloratu egingo da, baita antolamendurako, plangintzarako eta enpatiarako gaitasuna eta lanpostuarekin zerikusia duten aplikazio informatikoak maneiatzea ere.

Lehentasuna izango dute Lasarte-Orian edo eskualdeko udalerrietan erroldatutakoek. 

Honetaz gain, elkarrizketa pertsonala egingo da hautaketa prozesuan.

Interesatuek Lanbiden eskatu dezakete informazio gehiago edo egin dezakete izen-ematea.