ISU Leihoak taldeak puntuak pilatzen jarraitzen du Gipuzkoako 1go mailan. Hiru norgehiagoka berdindu ditu jarraian, eta puntuz puntu, dagoeneko 6 dauzka sailkapenean. Joan den ostiralean kategoriako talde indartsuenetako batekin neurtu zituen indarrak kiroldegian: Mondrate CDrekin. Ez zen erraza herriko taldearen erronka, une horretan liderra zenaren aurka jokatu baitzuen.
Intentsitate handiko partidua izan zen, hasi eta buka. Bi taldeek dena eman zuten garaipena erdiesteko, baina puntu banarekin konformatu behar izan zuten azkenean.
Unai Ituartek aldaratze bat baliatu zuen 1-0ekoa ezartzeko markagailuan, 13. minutuan. Handik gutxira berdindu zuen neurketa Mondratek, baina atsedenaldira joan aurretik, 28. minutuan, Eric Utielek 2-1ekoa sartu zuen.
Bigarren zatian Eneko Molinarenek ezin izan zioten abantailari eutsi, eta Mondratek bina berdindu zuen. Arauzko 60 minutuak markagailu horrekin bukatu ziren, eta talde bakoitzak puntu bana zakuratu.
Ostadarren porrotak
Biziki saiatu arren, Ostadarrek kategoria desberdinetan dituen talde federatuek ezin izan zuten punturik poltsikoratu pasa den asteburuan.
3. Nazional mailan ari den Ostadar Antonio Aroztegiak 3-6 galdu zuen Presion Break taldearen aurka. Partiduari ongi ekin zioten Josean Jimenezenek, 1-0ekoa Dani Bidaurretaren bitartez eskuratuz. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, markagailuari buelta eman zion kanpoko taldeak, Ostadarrek defentsan egindako pare bat akats baliatuz. Aldageletatik buelta egin eta segituan, partidua ia erabakita utzi zuen Presion Breakek, hiru gol sartuz. Urdin-beltzek ez zuten amorerik eman ordea, eta Arkaitzen bi goli esker aldea murriztu zuten. Ez zen nahikoa izan, ordea, Presion Breakek seigarren gola sartu eta hiru puntuak Berriz aldera eraman zituelako.
Gipuzkoako 1go mailako Cecilia Kebab Lasarte Ostadar ere esku hutsik bueltatu zen Tolosatik. Garaipena edota, gutxienez, berdinketa gertu izan zituzten Edu Menaren jokalariek, baina azkenean 5-4 galdu zuten. The Nest Hirukide izan zuten aurkari. Etxeko taldea 1-0 aurreratu bazen ere, urdin-beltzek, joko oso ona egin eta aukera ugari sortu ostean, buelta eman zioten markagailuari. Bazirudien atsedenaldira irabazten iritsiko zirela, baina Hirukidek binakoa sartzea lortu zuen. Bigarren zati hasieran iritsi ziren Ostadarren minutu onenak, eta markagailuan ere islatu zen hori: 2-4 jarri ziren aurretik. Menaren taldeak ezin izan zion bukaerara arte emaitza horri eutsi eta azkenean 5-4 galdu zuten, nekeak eta zenbait akatsek eraginda.
Azkenik, jubenil mailako bi taldeek, Lasarte Kafe Bar Ostadar eta Ostadar Buenetxeak galdu egin zuten lehenengo jardunaldian. Laskorainen aurka 4-5 galdu zuen lehenengoak, eta Goierriren aurka 5-2 bigarrenak.
Herriko txapelketako 4. jardunaldia
Herriko areto-futbol txapelketako 4. jardunaldiko emaitzak hauek dira: Trumoi 5-2 Reformas Lagunak; Also 10-2 Indaux; Kebab Taberna 6-3 Urdaneta HK; Ilargi 9-11 Izkiña; Viña del Mar 1-9 Kattagorri Insausti; eta Ibaros Latino 2-0 Aita Amari.
Kattagorri Insausti taldea da liderra, lautik lau norgehiagoka irabazita. Txapelketako golegile nagusiak ere talde horretan jokatzen du: hamar gol sartu ditu Unai Ituartek.