Harrobiko Beltzak taldeak ederki asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 19a

Seniorrek atseden hartu dute asteburu honetan, baina errugbi-giro ederra egon da hala ere, harrobiko Beltzak taldeak ederki aritu baitira. 18 eta 16 urtez azpikoek Iruña RCren kontra jokatu zuten, eta 14 urtez azpikoek Eibarko 'Rugby Seven' txapelketa irabazi zuten.

Lasai ederrean egon daitezke Beltzak taldeetako arduradunak. Kirol diziplina horrek harrobi sendoa dauka herrian, joan den asteburuan gaztetxoek beste erakustaldi bat eman baitzuten.

Horietako bi Asti zelaian izan ziren. 18 eta 16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek Iruñea RCren aurka jokatu zuten. 125-0 eta 129-0 irabazi zuten, hurrenez hurren. 

Bestalde, 14 urtez azpiko neska-mutilek Eibarren izan zuten hitzordua asteburuan. 'Rugby Seven' txapelketa bat jokatu zuten bertan, eta baita irabazi ere. Gaztediren bi talde, La Riojaren beste bi, Ordizia eta Eibar hartu zituzten mendean.

Ohorezko B mailako seniorrei atseden hartzea zegokien, eta ez zuten jokatu. Asteburu honetan UBU Colina Burgos taldearekin neurtuko dituzte indarrak, etxetik kanpo. Neurketa oso zaila jokatuko dute Phil Huxford eta Facundo Oriveren jokalariek.