Sasoetako festak bueltan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 16a, 13:25

Sasoeta Sasoian auzo elkarteak Lasarte-Oriako Sasoeta auzoko festak ospatu zituen ostiral eta larunbatean. Zenbait urte festak ospatu gabe egon badira ere, udalaren eta auzoko merkatari zein ostalarien laguntzaz, berriro ere berreskuratu dituzte, aurten.

Ekintza ugariz beteriko asteburua izan dute Sasoeta auzoko bizilagunek. Urte batzuk igaro dituzte auzoko festak ospatu gabe, baina aurtengoan, gogo eta indarrak batu eta berriz ere auzoko festak ospatu zituzten ostiral eta larunbatean.

Askotariko adin eta gustuentzako  festa egitarau zabala izan zen bi egunetan.

Ostiralean, askari eder batekin eman zioten hasiera festari etxeko txikienek.Ondoren, Jose Martijaren omenez haurrentzako futbol erakustaldia izan zen eta, patin eta txirringaren laguntzaz, ginkanaz gozatzeko tartea izan zuten gero.

Baina iluntzeko txupinazoak eman zion hasiera ofiziala Sasoetako Festei. Gau Txori txarangak girotuta, festa batzordeko kideen eskutik,  Pepita López auzotarrakjaurti zuen txupina. Koloretako globoak airean, gaztetxoenak buruhandiengandik ihesi ibili ziren Andatza plazan, helduenak auzoko tabernek antolaturiko 'Ostirintxoaz' gozatzen zuten bitartean.Gauean, Rock kontzertuak izan zituzten Jaizkibel plazanTxili Pipar, DJ Cris eta Bon O Clock taldeen eskutik. Hauen musik emanaldia amaitzean, DJak jarritako musikarekin jarraitu ahal izan zuten parrandan, Adatza plazan.

Larunbata goizean, batukada doinuek esnatu zituzten bizilagunak. Jarraian, haurrentzako tailer eta jolasak izan ziren txarangak auzoa girotzen zuten bitartean. Eguerdian, bazkari herrikoia izan zen Jaizkibel plazan eta bazkal ostean, karaokean eta mahai jokoetan aritu ziren festaz gozatzera gerturatutakoak. Arratsaldean, buruhandiak eta Rafafa magoaren magia ikuskizunaz gozatzeko tartea izan zuten gaztetxoek. Iluntzean, tortilla patata txapelketa egin zuten eta danborrada ibili zen ondoren auzoan barrena. Ibai Berriak taldearen berbenarekin eman zieten amaiera auzoko festei.

Harrera jendetsua izan dute Sasoetako festek. Giro ezin hobean igaro dituzte bi festa egunak.

 

Festetako ekintzekin osatu dugun argazki albuma hemen ikusgai.