Bateragune auzia ezin liteke ahaztu oraindik. Zazpi urte luze igaro dira jada, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ezker Abertzalearen aurka, Bateragune kasuaren baitan, atxiloketak egin zituenetik. Beste zenbait kideren artean, Rafa Diez herritarra izan zen atxilotuetako bat eta orduaz geroztik, preso hartutakoen artean, LABeko idazkari ohia da oraindik ere preso dagoen kide bakarra.
Datorren abuztuaren 31ean beteko du Rafa Diezek zigor osoa, baina zigorra berrikusi eta berehala aske utzi dezaten eskatu eta aldarrikatzeko, 'Rafa gure artera' manifestua aurkeztu zuten, ostiralean, Donostian.
Agerraldian, sakabanaketarekin amaitzea, larri dauden preso gaixoak askatzea eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoen kaleratzea aldarrikatu zuten alderdi politiko eta sindikatu ezberdinetako kideek, hainbat gizarte eragilek eta norbanakoek.
Iñigo Iruin abokatuak ere, Rafa Diezen sententzia berrikusi dadila eskatu zuen, baina Auzitegi Gorenaren esku dago orain, herritarraren zigorra berrikusi eta kaleratzea.
Ostiraleko agerraldian, Naike Diez, Rafa Diezen semeak ere hitz egin zuen. Euskal presoengan ezartzen den sakabanaketarekin amaitu behar dela aldarrikatu zuen, baita euskal gizarteak nahi duen normalizazio politiko eta soziala eskuratzeko pausuak eman daitezela eskatu ere. Honekin batera, Manifestuaren sinatzaileentzako esker hitzak izan zituen.
Asko izan dira manifestuarekin bat egin dutenak. Horien artean, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Arnaldo Otegi EH Bilduko kidea, Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia, Joseba Agirretxea EAJko diputatua, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua, Daniel Arranz Bizkaiko Gobernadore zibil ohia, Jose Mari Zamora Realeko jokalari ohia eta Joxemari Agirretxe herritarra, beste hainbaten artean.
Mahai ingurua herrian
Ostiral iluntzean, Lasarte-Oriako Xirimiri Elkarteak antolatuta, mahai ingurua egin zuten kultur etxean. Arnaldo Otegi, Laura Mintegi eta Joxemari Agirretxek parte hartu zuten Iñaki Petxarroman kazetariak gidatutako saioan.
Sakabanaketaz eta Bateragune auziaz mintzatu ziren.