Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXI. edizioa, prest

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko urriaren 16a

Urriaren 30ean jokatuko den Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXI. edizioa prest dauka Ostadar SKTk. Ostiralean egindako aurkezpen prentsaurrekoan eman zuten berrikuntzen berri: esaterako, patin-lasterkariak ariko direla aurten lehenengoz, erakustaldi modura.

Urriko azken igandean, hilak 30, jokatuko da aurtengo Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Hainbat egun eta orduz antolakuntza lanetan ibili ostean, Ostadar SKTk finkatu ditu XXI. edizioaren nondik-norakoak. 

Ostadarreko kideek eta Jalgune Elkartekoek eskaini zuten prentsaurrekoa ostiral arratsaldean, giro ederrean. Azken horiek aurtengo kroseko kamisetak jantzi eta 1 zenbakidun dortsalak hartu zituzten eskuetan. “Azken urteetan emandako laguntza eskertzeko modu egokia iruditzen zaigu aitortza publiko hau; etorkizunean elkarlanean segitzeko gonbita ere bada. Hala ere, Jalgunek gazteekin aisialdian egiten duen lana goraipatu nahi dugu”, adierazi zuten Ostadarreko kideek. 

1 zenbakidun horren atzetik, beste ehunka dortsal ikusi ahalko ditugu herriko kaleetan zehar urriaren 30ean. Adibidez, erakustaldi gisara parte hartuko duten patin-lasterkarienak. Aurtengo edizioko berrikuntza nagusietako bat hori izango da. “Froga moduko bat izango da, etorkizunean lasterketa hori antolatu ahalko dugun ala ez esango diguna”, zehaztu zuten antolatzaileek. “Maila oneko 30 bat lasterkari gonbidatuko ditugu; aurten ezingo du edonork bertan parte hartu; ikusiko dugu datozen urteetan izen-ematea zabaltzen dugun ala ez”. 

Krosaren ezaugarriak

Azken urteetan egin bezala, lasterketa 10:30ean hasiko da, Frutas Ruiz paretik. Gurpildun-aulkietan ariko diren lasterkariak bi minutu lehenago aterako dira, eta minutu t'erdi patin lasterkariak. Helmuga, beti bezala, Okendon. Ibilbidean ere ez da moldaketarik; 10.500 metro ditu luze.

Korrika Festan aldaketak

Ostadar SKTk aditzera eman zuenez, Korrika Festa edo Kros Txikiko lasterketen ordena aldatu egingo dute aurten: infantil eta kadeteak izango dira irteten lehenak. Ondoren, 2011n jaiotakoen txanda izango da, eta horrela, 2005era ailegatu arte. Adinaren araberakoa izango da distantzia: 100, 150, 400, 800 edota 1.200 metro.

Hasiera-orduan ez dago moldaketarik: 12:15. Izen-ematea ez dute mugatuko antolatzaileek; parte hartu nahi dutenek kultur etxeko kafetegian eman beharko dute, 5 euroren truke. Neska-mutilek kamiseta, domina eta edateko jogurt bana jasoko dute.

Izena emateko aukerak

Iaz bezala, krosean parte hartu nahi duen orok bi bide dauzka horretarako. Joan daiteke kultur etxera. Ostegunean irekiko da bertara joateko epea, 28ra arte; 17:00etatik 20:00etara artekoa izango da ordutegia. 29an, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahalko da, goiz eta arratsalde. Bestela, sarean egin nahi dutenek, www.ostadarskt.eus eta www.sailkapenak.com web orrialdeak dituzte eskura.

Ostadarreko bazkide direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte; ez bazkideek, 12. Lasterketa egunean apuntatzen diren guztiek, berriz, 20. 

30ean edo bezperan hartu beharko dira dortsalak eta kamisetak, Michelingo frontoian, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era, edo 9:00etatik 10:00etara. Kultur etxean izena ematen dutenek bertan jasoko duten agiria aurkeztu beharko dute materiala jasotzeko; online egin dutenek, berriz, NAN, EHNA edo bestelako dokumenturen bat.

Agerraldia bukatzeko, Ostadar SKTk eskerrak eman zizkien lasterketaren antolakuntzan parte hartu dutenei, krosaren egunean laguntzen egongo direnei eta babesleei ere bai: "Etxezarreta harategia, Avenida Taberna, Frutas Ruiz frutadenda, TaPuntu, Rural Kutxa, Ventanas San Miguel eta Lasarte-Oriako Udala".