Konpetizioari neurria hartuta

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 14a

Babyauto Zarautz taldeak lehenengo jardunaldiko porrota ahaztu eta hartu dio neurria Ohorezko B mailari. Talde oso gaztea zuzentzen dute Phil Huxfodek eta Facundo Orivek, baina dagoeneko errendimendu bikaina ematen ari dira, hiru jardunaldi jarraian irabazita.

Iragan astean jaun eta jabe izan zen Babyauto Zarautz Asti zelaian. El Salvador 61-14 menderatu zuen, joko zuzen eta eraginkorra eginda. Hainbat herritar aritu ziren etxeko taldearekin: Ander eta Xabier Rekondo anaiak (bigarren entsegua egin zuen azken honek), David Vega eta Julen Aristorena. Zaleek gogotik gozatu zuten Phil Huxford eta Facundo Oriveren jokalarien jardunarekin.

Lehenengo jardunaldiko porrota atzean utzi eta ederki eman dio buelta egoerari kostako taldeak. Azkeneko hiru partiduak herreskan poltsikoratu ditu. Gauzak horrela, bosgarren postuan dago Babyauto Zarautz sailkapenean.

Gaztetxoak ere primeran

18 eta 16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeak Iruñean aritu ziren joan den asteburuan, La Unica RT taldeekin indarrak neurtzen. 

18 urtez azpikoek 19-19 berdindu zuten, maila ederra emanez. 16 urtez azpikoak ez ziren gutxiago izan, eta erakustaldia eman zuten, 0-51 irabazita.