Idatziz jasotakoa hitzez azalduz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 14a

Iñaki Lopez de Luzuriaga idazleak 'Euskaldunak eta karolingiar iraultza' liburuari buruzko hitzaldia eskaini zuen Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan, ostegun arratsaldean. Hiru urtez ikertzen aritu ostean idatzi du aipatu liburua Lasarte-Orian bizi den eta ofizioz itzultzaile den Lopez de Luzuriagak.

Hitzaldian zehaztu zuenez, Londres eta Kalifornian egon zen bitartean ekin zion gaia lantzeari. Euskal eta europar identitatea sortu zen garaia aztertzen du liburuak: “Ingelesezko Wikipedian sortutako eztabaida baten harira hasi nintzen gaiari buruz ikertzen, materialismo historikoaren ikuspuntutik beti ere, eta ikusi nuen hutsune asko zeudela horren inguruan”, nabarmendu zuen Lopez de Luzuriagak.

Liburuan jasotako garaiari buruzko hainbat datu historiko ekarri zituen idazleak hitzaldira, eta kultur etxera bertaratu ziren herritarrek adi entzun zituzten Lopez de Luzuriagaren azalpenak.

Liburua Elkar dendan edo UEUren web orrialdean eskuratu daiteke.