Beñat Los Arcos, BKT ligako lider

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko urriaren 21a

Bizkaia Kopa Trail ligak zortzi jardunaldi ditu. Sei jokatu dira honezkero, eta trail laburreko sailkapeneko liderra lasarteoriatarra da: Beñat Los Arcos. Jokatutako proba denetan sartu da lehenengo hamarren artean, eta 2.963 puntu pilatu ditu. “Erregulartasuna da lider egotearen arrazoia”, dio.

Urte hasieran ez nuen sinetsi ere egingo. Jakin nuenean, izugarrizko poza hartu nuen”. Beñat Los Arcos herritarraren hitzak dira, trail laburreko (10 kilometro) BKT Bizkaia Kopa Trail ligako sailkapen orokorreko liderrarenak. Zortzi probako txapelketa da; orain arte sei jokatu dira. Horietan guztietan lehenengo hamarren artean sailkatu da herritarra. Erregularra izateak eraman du lider izatera, lasterkariak aipatzen duenez.

Okerren zetorkion proban eskuratu zuen lidertza herritarrak: Lekeition joan den astean jokatutakoan. “Asfalto gehiegi eta aldapa gutxi zituen ibilbideak, baina den-dena eman nuen eta lidertza eskuratzeko beharrezko karanbola lortu: buruan zihoanak sei puntu ateratzen zizkidan, eta bakarra bigarrenak. Probako aldapa bakarretako batean hiru lasterkari pasa nituen, eta alde hori berreskuratu. Guztien denborak batu zituzten erabakitzeko lidertza nori eman; jokatutako sei proben ostean, minutu bat gutxiago neukan nik”.

Beñaten helburua

Herritarrak kontatzen digunez, bukaerara arte ezingo du lidertza mantendu: “Zortzi lasterketa dira denera, baina sei onenetako puntuak hartzen dira sailkapenerako. Orain arte emaitza txarren bat edo probaren bat egin ez duten batzuk badaude, baina gainontzekoetan nik baino hobeak dituzte. Beraz, hiruzpalau korrikalarik pasako naute bukaeran. Dena den, ni oso lehiakorra naiz, eta aurreneko bosten artean sailkatu nahi dut. Urte hasieratik beste helburu bat ere badaukat: proba guztiak lehenengo hamarren artean bukatzea; orain arte, primeran goaz”.

Liga bukatzeko bi lasterketa falta dira: Zamudiokoa azaroan eta Dimakoa abenduan. “Disfrutatzera joango naiz, beti bezala, hori garbi daukat. Zamudion lider gisara ateratzea izugarria izango da, horretaz gozatu nahi dut”, zehazten du. Liderra izatearen erakusgarri den kamiseta gorria eramango du soinean azaroan.

Herritarrak Hiru Haundiak proban 

Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak zeharkatu, 100 kilometro luze eduki eta 5.126 metroko desnibel positibo metatua duen Hiru Haundiak mendi lasterketa jokatu zuten Iñaki Letamendi eta Javi Olazagoitia herritarrek pasa den asteburuan. 

Olazagoitia 110. izan zen sailkapen orokorrean, 15 ordu eta 23 minutuko denbora eginda. Letamendi 495. postuan iritsi zen, erlojua 19 ordu eta 35 minututan geratuta.