Gipuzkoako 1go mailako seniorrek helburua bete dute

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 14a

Ligaxka bukatzeko bi jardunaldiren faltan, helburu nagusia bete du Gipuzkoako 1go mailan ari den Intza KE taldeak: kategoria mantentzea. Ez da ahaztu behar pasa den urtean igo zela taldea.

Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak osatutako bikotea maila bikaina ematen ari da ligaxkan. Lau norgehiagoka jokatu dituzte guztira: hiru irabazi dituzte, eta bakarra galdu. Azkena, maila mantentzea bermatu zutenekoa, Behar Zana taldearen kontra jokatu zuten, Billabonan.

Loidibarrenen Bergararen kontra egin bezala, neurketaren jaun eta jabe izan zen bikote lasarteoriatarra, eta ez zion abagunerik eman arerioari: 8-22 nagusitu ziren.

Hirugarren mailako seniorrek, berriz, hatz mamiekin ukitu zuten garaipena iragan asteburuan, baina ezin izan zituzten puntuak poltsikoratu. Ziotza taldeko pilotariekin neurtu zituzten indarrak Haritz Urkiak eta Aritz Solanok, eta 22-21 galdu zuten.

Arteaga II.a Iruñean

Bestalde, aipatu behar da Arteaga II.ak asteburu honetan ekingo diola promozioko lau t'erdikoari. Bihar ariko da Taintaren kontra, Iruñeko Labriten, 17:45ean.