Lehenengo Maratoia 1986. urtean antolatu zen baina arrazoiak hobeto ulertzeko Lasarte-Orian zegoen egoera soziolinguistikoa pixka bat kokatzea funtsezkoa da. Laburki datu batzuk emango ditut: “1982an bost ikastetxe zeuden (Oztaran, Zumaburu, Sasoeta, Landaberri eta Garaikoetxea). Neu Garaikoetxea ikastetxean hiru urtetan irakasle gisa aritu nintzen (1982tik 1984ra). Urte horietan hasi zen eskola publikoan euskararen presentzia azaltzen. Irakaslegoaren %8 euskalduna zen soilik, euskara asignatura bat besterik ez, alegia ia 4 ordu astean. Nire ardura bost ikasgeletan (ia 160 ikasle) euskara lantzea zen, umeen artean euskaldunak %5 zen (gehienak Zubietakoak). Kulturalki zenbait aktibitate egin genituen ikastetxe guztien artean (Olentzeroren etorrera, Sta. Ageda bezperak,..). Eskolan ere Satorra irratia sortu zen. Herrian “Euskara taldea” eratu zen eta udalgintzan batzorde berezia osatu ere. Zenbait kanpaina burutu ziren, “Zirkuitu honetan euskaraz” hipodromoan esate baterako. Udal plenotan ere euskaraz egiteko aukera bermatzen hasi zen. Kale, autobus eta denda errotulaziotan euskaratzeko kanpainak ere. Bitartean, sozialki giro politikoa oso nahasia zen, kasu askotan gure arteko komunikazioa ez zen batere atsegina edo goxoa esango nuke.
Hala ere, nik uste dut denok garbi genuen gauza bakarra hauxe zela: “Euskara aurrera atera nahi bagenuen denon laguntza eta aportazioari esker izango zela”. Irratian entzun nuen Londoneko kazetari batek 40 ordu hizketan aritu zela etenik gabe. Eta holaxe, sortu zen ideia. Euskara berak jarri behar zigun erronka denoi. Galdera hau zen: Posiblea al genuen erdal giroko herri batean herriko plazan eta hizkuntza protagonista nagusia izanik 40 ordutan aritzea? Zenbait pertsona prest ginen kanping denda hartuta oholtza gainera igotzeko eta euskaraz aritzeko. Udal batzordean gaia planteatu nuen. Gero gertatu zen gertatu zena. Lortu genuen erronka, baina ez hori bakarrik, beste gauza asko ere. Behingoz gai izan ginen pentsaera ezberdineko pertsonak elkartzea helburu baten inguruan, euskara. Oholtzan ematen ziren harreman afektiboak ere herritar askorengan zabaldu ziren eta euskara maite dugunontzat harro sentitzeko esparru berri bat sortu zen. Gero herriko euskalgintzan lasai aritzeko beste zutabe bat sendotzen hasi zen. Badakit, Lluis Colet jaunak (Perpignaneko geltokian) Guinnes errekorra 2009. urtean lortu zuela, izan ere 124 ordutan (ia 5 egun) aritu baitzen bera bakarrik isildu gabe katalaneraz. Baina guk lortu duguna ikaragarria izan da eta benetan lortuko duguna iristear dago eta sekulakoa izango da. Maratoia ospatzen dugun urte bakoitzean Guinnes errekor mundiala lortzen ari gara. Non eta Lasarte-Orian. Nork pentsatuko luke?
Zorionak denoi!