Lasarte-Oriako herritarrek San Pedro jaietako omendua erabaki dezaten parte-hartze prozesua jarriko da martxan. Horrela onartu zen asteartean egin zen ohiko Udalbatzarrean PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko bozkekin. Lasarte-Oriak Ahal du alderdia abstenitu zen eta EHBilduk aurka egin zuen.
PPren proposamenez, kanalak irekiko dira herritarrek haien proposamenak egin ahal izateko. PPren ustez, era honetara, “herritar anonimoei atea irekitzen zaie” eta “inklusiboa” da.
EHBilduk ordezko mozio bat aurkeztu behar zuen. Honetan Parte-hartze batzordea eratzea proposatzen zuen. Baina PPrena onetsi zenez, ez zen bozkatu.
Era berean, bizitegi-eraikinen beheko solairuetako lokaletan etxebizitzaren erabilera ezartzeko araudia behin betiko onartu zen. Lasarte-Oriak Ahal du izan ezik, abstentziora jo zuen, guztiek alde egin zuten.
Aurretik, araudiari egindako alegazioa atzera bota zuen Udalbatzarrak.
Beste gaiak
Baina bi puntu hauek aztertu baino lehen, lehenik 2017 urteko taxien tarifak onartu ziren aho batez.
Bake epaile titularra eta ordezko epailea izendatzeko proposamen berria ere onetsi zen, PSE-EE, Lasarte-Oriak Ahal du eta PPren aldeko bozkekin.
Era honetara, Susana Zurutuza izango da bake epaile berria eta bere ordezkoa, Maialen Pinado.
EAJk eta EHBilduk aurka bozkatu zuten. Aukeratutako pertsonak beharrezko hizkuntza eskakizuna betetzen ez duela bat zetozen bi alderdiak, 2. maila baitu. Hori herritarren kalterako izango dela azpimarratu zuten.
Bestetik, EAJ, EHBildu eta Lasarte-Oriak Ahal du alderdien bozkei esker, Lasarte-Oriako ikerketa toponimikoa eta kale izendegiarena onartu zen. PSE-EE eta PP abstenitu ziren.
Udal kontu hartzaileak gaur arte bideratu dituen erreparoen berri ere eman zuten.
Hau guztiaz gain, PPko bozeramaileak Jose Herrero Quiles eta Jose Javier Urritegui Aramburu terrorismoaren biktimen aldeko minutuko isilunea eskatu zuen mozio bidez.
Atzera bota zen. PPk bozkatu zuen alde, EHBilduk aurka eta EAJ, PSE-EE eta Lasarte-Oriak Ahal du alderdiak abstentziora jo zuten.
EAJk eta PSE-EEk horrelako mozioak eztabaidatzeko bizikidetza mahai bat dagoela azpimarratu zuten. PSE-EEk gainera, azaroaren 10ean egin ohi den terrorismoaren biktimen omenaldiaren barne guztiak daudela ohartarazi zuen, bereizketarik gabe.
Atsobakar eskuz aldatu
Azkenik, alderdiek eskaerak eta erreguak egiteko tartea izan zuten.
Hauei erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Atsobakar zahar etxeko kudeaketa 2017an bereganatuko duela jakinarazi zuen Gobernuak. Dagoen defizita negoziatzen ari direla ere azpimarratu zuen. Honetaz gain, arkitektoa zahar etxea handitzeko lanetan dagoela ere aipatu zuen. CLECEri ezer zor ez zaiola ere adierazi zuen, “haiek plaza berriak ordaintzea nahi dute. Baina ez dituzte fakturatzen. Beste guztia ordainduta dago”.
Era berean, EHBilduren eskakizunari erantzunez, kontu hartzaile eta idazkariak egindako Udalaren eta enpresaren eskubideei buruzko txostenak egin eta alderdiei banatuko zaizkie.