Esperientzia berri bat bizitu zuten Aitor Otamendi eta Mikel Villarroya herritarrek Alemaniako hiriburu den Berlin hirian. Bertako maratoi entzutetsua jokatu zuten, eta baita helmugaratu ere. Lasterketaren ostean, ia astebetez luzatu zuten egonaldia, hiria gertutik ezagutzeko.
Aitorrek Donostian egindako 02:57ko marka hobetzea zuen helburu. Berlingo ibilbidea aproposa da horretarako, eta horrez gain, gogor entrenatu zuen herritarrak. Baldintzak aproposak ziren balentria egiteko, baina azkenean ezin izan zuen lortu, 24. kilometrotik aurrera “eskuin besoko min ikaragarriz” egin zuelako lasterka: “Bizpahiru kilometroro geratu egin behar izaten nuen, besoa luzatu, zerbait edan eta segi”, oroitzen du.
Ezbeharrak ezbehar, inoizko bigarren marka onena egin zuen Aitorrek Berlinen: 03:05.18. “Ez da marka txarra, inondik ere, baina besoko minagatik izan ez balitz... Erritmo oso onean nindoan, gustura; pena izan zen. 24. kilometrotik aurrera asko sufritu nuen, beste edozein probatan baino gehiago, egia esan”.
Bukatzea helburu
Mikel Villarroyarentzat lehenengo maratoia izan da Berlingoa. Helburua argi zeukan berak ere: lasterketa bukatzea eta, ahal zen neurrian, probaz gozatzea. Kontatu digunez, biak lortu ditu, 03:59.40ko marka eginez.
“Nire aurreneko maratoia zenez, erritmo lasaia mantendu nuen lasterketa osoan zehar; 30. kilometro inguruan hankak kargatuta neuzkala sentitzen nuen, baina gainontzean, lasai samar joan nintzen; 35. kilometroan 'horma' moduko bat sentitzen dela esan ohi dute, baina niri ez zitzaidan pasa”, dio Mikelek.
Proban zeharreko giroari buruz galdetuta, Mikelek hitz onak besterik ez ditu: “Mundu osotik etorritako jende mordoa zegoen kaleetan; ikaragarri animatzen zuten. Horrez gain, musika, batukada...zeuden proba jokatu bitartean. Errepikatzeko modukoa da”.
Aitorrek ezin izan zuen lasterketaz eta giroaz espero bezala gozatzerik izan: “Maratoia bukatu eta hurrengo astean, familiarekin lasterketako kaleetatik nenbilela, zenbaitetaz ez nintzen gogoratu ere egiten; nahikoa neukan proba bukatzearekin, ezin izan nuen gozatu”.
Hurrengo erronkak
Berlindik etorri eta berehala besoan zer zeukan begiratzera joan zen Aitor. Tendinitisa daukala aipatu digu, baina hasia dela entrenatzen berriro: “Astelehenean saio polita egin nuen, ordubetekoa, eta molestia pixka bat besterik ez dut sentitu; konfiantza hori behar nuen”. Azaroan Donostiako Maratoia egin nahi du, Berlingo gorputzaldi txarra ahazteko.
Mikelek Behobia-Donostia egingo du: “Izena eman nuen udaberrian, eta dortsala aprobetxatu nahi dut”. Lasarte-Oriako Kros Herrikoia ere jokatuko du.