Erraustegiko tentsio linea eta mobilizazioa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 12a

Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak ohartarazi nahi du Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin aldez aurretiko kontsultak hasi dituela, Zubietako erraustegia eta sare elektrikoa lotzeko goi-tentsioko linea berri bat eraikitzea helburu.

Aire Garbiaren arabera, linea berria, 132 kV-koa, erraustegian bertan hasi eta sare nagusiarekin Urnietan lotuko litzateke, Elutsetako Arkaitzen inguruan. Guztira, 5 kilometro, Zubieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietan barrena.

Desjabetzeak ere aurreikusten dituen proiektu honek 8 milioi euroko aurrekontua du. GHK-k berak %60 ordainduko luke eta Donostiako Udalak %40.

Linea hau garrantzitsua da erraustegirako, eta, Aire Garbiaren iritziz, “horren berri ematea garrantzitsua da, batez ere proiektu honekin zerikusia duen guztia isilean tramitatzen saiatzen ari direla kontuan izanik”.

Mobilizazioa

Honetaz gain, Foru Aldundiak eta GHK-k erraustegiaren esleipena aurki egiteko asmoa dutela eta, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak mobilizazioak areagotzea erabaki du.

Horregatik, bihar, 12:00etan, “Zuen negozioa, gure minbizi” lemapean, kalejira bat egingo da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetik Banco Santanderrera.

Lasarte-Oriako Aire Garbiak ere parte hartuko du eta, herritarrei joateko deia egiten die. Herriko hitzordua goizeko 11:00etan izango da, Eusko Trenen. 
Parte hartzailei maindire zuri batekin joateko eskatzen zaie.