Aurten ere 'Bezeroaren Hamabostaldia' izeneko kanpaina prestatu du Aterpea merkatarien elkarteak: datorren astelehenean hasi eta hilaren 30era arte, ekimenean parte hartuko duten 50 bat komertzio eta ostalaritza-guneetan erosketak egiten dituzten herritarrek deskontu eta sari ugari irabazi ahalko dituzte.
Atzo eguerdian aurkeztu zuten aurtengo kanpaina, Manuel Lekuona kultur etxearen atarian. Bertan izan ziren Aterpeako hainbat kide, Ramon Ormazabal lehendakaria tartean, eta baita udaleko ordezkariak ere: Jesus Zaballos alkatea, Maite Iglesias kultur zinegotzia, Beatriz Juez sozioekonomia zinegotzia eta Dioni Avila teknikaria. Beste ezer baino lehen, Ormazabalek eskerrak eman zizkien Udalari berari, Eusko Jaurlaritzari eta parte hartzaile guztiei, egitasmoa gauzatzen emandako laguntzagatik.
Bi eta hiru euroko deskontu-txartelak, komertzio bakoitzean sari zuzenak eta kultur etxean azaroan zehar egingo diren ikuskizunetarako sarrerak. Horiek dira bezeroek irabazi ahalko dituzten sariak, urriaren 17tik 30era bitartean aipatu 50 establezimenduetan erosketak egiten badituzte. “Bezero berriak bilatu nahi ditugu, jakina, baina fidelizazioa ere sustatu nahi dugu, dagoeneko herriko komertzioetan erosten dutenak sarituz”, azpimarratu zuen Ormazabalek.
Herritarrek egiten duten erosketa bakoitzeko txartel bana jasoko dute; sariduna izan daiteke, edo ez. “Saririk gabeko txartelak baldin badituzte ere, bezeroek ez dute etsi behar, txartel denak 300 euroko txeke baten zozketan hartuko dutelako parte”, jakinarazi zuen Aterpeako lehendakariak. ONCEk urriaren 31n egingo duen zozketako zenbaki saridunarekin bat etorri beharko du txartel irabazleak.
Kultur etxeari eskertza
Manuel Lekuona kultur etxeak emandako laguntza aipatu zuen Ormazabalek aurkezpen prentsaurrekoan. Esan bezala, azaroan egingo diren ikuskizunetarako sarrerak izango dira bezeroek irabazi ahal dituzten sarietako batzuk.
Aterpeako lehendakariak beste gauza bat ere azpimarratu zuen: Bezeroaren Hamabostaldiak Martin Berasategui jatetxearen laguntza daukala.
“Ea guztion artean herriko komertzioa sustatzearen aldeko ekintzak egiten eta prestatzen jarraitzen dugun”, gaineratu zuen.
Udalaren laguntza
Jesus Zaballos alkateak hartu zuen hitza ondoren, adierazteko Lasarte-Oriako Udala “pozik” dagoela Aterpeak gure herrian egiten duen lanarekin, eta “mantendu” egingo duela herriko komertzioaren aldeko apustua: “Ahal dugun guztian lagunduko dugu”.
Bestalde, herritarrei dei egin zien erosketak egiterakoan establezimendu lokalak lehenestera, saltoki handietara joan beharrean.
Urte osoan zehar lanean
Datorren astean hasiko den Bezeroaren Hamabostaldia da Aterpeak herriko komertzioa sustatzeko burutzen duen ekimenetako bat, baina ez bakarra. Urte osoan zehar hainbat egitasmo prestatzen ditu: berriki egin den stock azoka, udaberriko festa, gabonetako zozketak, pintxo ibilbidea, aste gastronomikoa eta baita beste hainbat ere.