Berriro ere martxan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko urriaren 10a

Michelingo atletismo pistan mugimenduak ez du etenik: LOKEko eskolarteko eta atleta federatuak 16/17 denboraldia buru-belarri ari dira prestatzen, Amaia Andres eta Oscar Goikoetxearen gidaritzapean. Pista estaliko txapelketak ari dira prestatzen orain.

Gero eta handiagoa da LOKEren atletismo alorreko talde argazkia, kirol diziplina hori gure herrian hazten ari den seinale. Atzo arratsaldean eskolarteko gaztetxoak eta atleta federatuek bat egin zuten Michelingo atletismo moduluan. Koltxonetetako baten inguruan denak antolatu, eta irribarretsu begiratu zioten kamerari, entrenatzen jarraitu aurretik.

Amaia Andres eta Oscar Goikoetxearen aholku eta jarraibideak adi-adi entzuten zituzten denek. Tartetxo bat lapurtu, eta Txintxarriren galderak erantzun zituzten. Klubaren helburuei buruz galdetuta, kirol emaitzen gainetik atletismoa sustatzea aipatzen du Andresek: “Gero eta gazte gehiago animatzen dira gurekin aritzera; egia da gero kosta egiten dela federatu mailara jauzi egitea, baina aurten bost kadetek proba egingo dute, ea azkenean animatzen diren”. 

Kirolaren alorrari behatuta, atleta federatuek “aurreko urteetako” maila mantentzea espero du prestatzaileak, eta Espainia mailako txapelketetarako sailkatzea. “Batzuk kanpora joanak dira ikastera, baina entrenatzen jarraitzen dute, eta LOKE klubean ere bai”, gehitzen du. 

Eskolarteko gaztetxoak urriaren 20an hasiko dira pista estalian konpetitzen. Atleta federatuak, berriz, azaroa hastearekin batera lehiatuko dira. 

Etorkizuna, bermatuta
“Benjamin, alebin eta infantil mailatan gero eta gazte gehiago dauzkagu; orain arte gehienak neskak ziren, baina mutil ugari ere baditugu aurten”, zehazten du Andresek. “Futbolean izena emanda dauden batzuk ere etortzen dira fisikoa lantzera; ea etorkizunean gurekin jarraitzea lortzen dugun”. Enfasia, dena den, beste kontu baten gainean jartzen du prestatzaileak: “Herritik at ikasten duen jende gero eta gehiago ari da etortzen gurekin entrenatzera, eta hori oso pozgarria da”. 

GAF Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidentetza hartu berria du Amaia Andresek, baina kargu hori dela eta ez du LOKE “inola ere” utziko: “Hau da nire kirol-etxea, talde honek bizia ematen dit: duela hamasei urte, Eneko Castro zendu zenean, alorraren ardura hartzea eskaini zidaten, eta horrek ahalbidetu zuen nik profesionalki kirolari lotuta jarraitzea; oso argi daukat hau dela nire etxea”.