Kart gidari gazteak 1.800 euroko laguntza jasoko du, 2016ko Karting txapelketan parte hartzeko. Nafarroa, Burgos eta Santanderreko hainbat zirkuitutan izango dira lasterketak.
Mansok txiki-txikitatik darama kart artean. Urteotan frogatu du ibilbide oparoa daukala aurretik. Txus Alonso Kirol zinegotziak zehaztu zuenez, Euskal Herriko Karting txapelketa irabaztear da Aitor. Laugarren aldia litzateke.
“Udalak jartzen duen hondar aletxo honekin Aitorren ibilbidea hauspotzea espero dugu; hor daukagu Maialen Chourraut piraguistaren adibidea. Gaztetan pianoa jotzen hasi zen kultur etxean, eta eliteko kirolari izaten bukatu du eta urrezko domina irabazi du Rioko Jokoetan”, adierazi zuen Zaballosek. “Gaur [ostegunean] kolaborazioa hasi dugu, eta nork esaten du etorkizunean Aitorrek 1 Formulako lasterketa bat irabaziko ez duenik, eta Lasarte-Oriako bandera astinduko ez duenik?”, gehitu zuen.
Aitorrek eta haren aita Jose Manuelek eskerrak eman zizkioten udalari, emandako laguntzagatik. Azken horrek zehaztu zuenez, konpetizioko kart bat moldatzeko 3.000 euro inbertitzera irits daitezke.
Cotarreko lasterketa
Moldaketak laster egin beharko dituzte Aitorren autoan, iragan astean Cotarren (Aranda de Duero, Burgos) jokatutako lasterketan pistatik bota zuelako beste gidari batek. Kart-ak kalte dezente jasan zituen, bolantea okertzea kasu, baina hala ere helmugaraino iristea lortu zuen, lasterketa txapelketarako puntuagarria zen eta.
Aitorrek 16 urte beteko ditu azaroan, eta ikasketak egiten ari da. Bukatzean, Ingeniaritza Mekanikoa ikasteko asmoa du, Bartzelonako Eskola batean.
Eskola horretara joaten dira etorkizunean konpetizioko mekanikari izateko asmoa duten pertsonak.
Gidari ibilbidearekin jarraitzeko intentzioa dauka Aitorrek, eta ostegunean jakinarazi zuenez, kategoria berean beste urte batez lehiatuko da.