Estalpeak mintzagai

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 10a

Euritan ere jolasean! proiektuaren bigarren fasea heldu da amaierara. Hiru tailer eraman dira aurrera. Horietan, herriko zein gune estaliko diren hausnartu, aztertu eta prozesuaren nondik norakoak erabaki dira. Denetara, herriko sei eremu estaltzeko proposamena bildu da: Okendo, Askatasuna eta Andatza plazak, Atsobakar, Dorre parkea eta Zumaburu.

Lasarte-Oriako Udalak, espazio publikoak estaltzeko  parte hartze prozesu bat abiaratu zuen udaran. Herriko plaza edota parkeak estaltzearen beharra somatu eta azterketa bat egin da. 
Herritarrek zein eremu estali nahi dituzten erabakitzeko, hiru tailer egin dira. Lehenengoan, proiektua aurrera eramateko parkeetan moldaketak egiteko izan beharreko oinarriak azaldu zituzten. Iragan asteko asteartean, Villa Mirentxun izan zen bigarren saioan, herriko hainbat eremu estaltzeko itxitura mota ezberdinak erakutsi zituzten. 

Beste herrietako ereduak oinarritzat hartuta, Lasarte-Oriako mapa baten gainean, eredu ezberdinetako itxitura horien maketen bitartez, estaliak erakutsi zituzten. Zein eremu estali ere eztabaidatu zen; haurrentzako jolas eremuak soilik, jolas eremuak eta ingurua edo espazio handiagoak estali. 

Itxitura motak ere azaldu ziren. Osteguneko hirugarren eta azken tailerrean aldiz, lehentasunen arabera, estali asmo diren lekuak azaldu ziren Landaberri-Garaikoetxea Ikastolan egindako saioan. Bertan, Okendo Plazako estalkiak jaso du lehentasuna. Bertako agertokia kokatzen den eremua itxitura txiki baten bitartez estaltzea litzateke asmoa, eszenatoki eta jolas eremu gisan erabiltzeko. Eremu honekin batera, Askatasuna Plaza, Andatza Plaza, Dorre Plaza, Atso Bakar eta Zumaburu eremuak izan dira herritarrek gehien bozkatu dituztenak eta gainontzekoekin, lehentasuna izango dutenak. Guzti horrekin batera, ostegunean, bozka gehien lortu dituzten leku horietan zein jolas mota, altzari mota eta beste zein erabilera izan dezaketen eztabaidatu zuten.