Buruntzazpiri agur, podiumeko maila gorenetik

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko irailaren 19a

Buruntzazpiko maillot berde-urdina zazpi urtez jantzi ostean, taldeari agur esan dio Iñigo Altunak. Modu ezin hobean, gainera. Mendiko Kriteriuma irabazi zuen irailaren 11n, erakustaldia emanda: hirutik bi etapa irabazi, mendian nagusi izan eta sailkapen orokorra poltsikoratuta. Ezin gehiago eskatu.

Eskerrak eman nahi dizkiot taldeari, urteotan guztietan nigan izandako konfiantzagatik. Ea hemendik urte batzuetara niri emandakoa bueltatzerik diodan”. Iñigo Altuna txirrindulari gazteak esker hitzak besterik ez ditu Buruntzazpi taldearentzat.

Zazpi urteren ostean, txirrindulari eta taldearen bideak banatu egingo dira, junior aroa amaitu eta afizionatua izango delako datorren urtean. Amaiera, agurra, nekez izan zitekeen hobea: Mendiko Kriteriuma izan zen maillot horrekin jokatu zuen azken proba, eta irabazi egin zuen.

Erakustaldia emanez, gainera: sailkapen orokorrean 87 puntu bildu zituen, sailkapen orokorra, mendia eta hirutik bi etapa irabazita. Podiuma Luis Garikanok eta Unai Iribarrek osatu zuten; 67 eta 57 puntu erdietsi zituzten, hurrenez hurren.

Amaiera, sasoi betean

Forman iritsi zen Altuna Oñati eta Segura artean jokatutako Kriteriumera: afizionatuekin konpetitu du zenbait probatan, maila ona emanez, eta Euskal Herriko selekzioarekin Kantabrian aritu zen, Espainiako txapelketan, nahiz eta, janaria egoera txarrean egoteagatik, euskal taldea osatu zuten kideek euren maila onena erakutsi ezin izan.

Amaierara sasoi betean iritsita ere, txirrindulari gazteak dio “luzea” egiten dela sasoia, otsail-martxotik dabiltzalako konpetitzen, eta amaitzeko gogoa bazeukala. “Hori bai, kontziente nintzen nire taldearekin jokatuko nuen azken lasterketa zela, eta ahalik eta ongien bukatu nahi nuen”, aipatzen du. 

Amaitu berri den denboraldia positiboki baloratzen du Altunak: “Lau proba irabazi ditut eta beste lautan igo naiz podiumera. Halere, are hobea izan zitekeela uste dut, aurten izan ditudan erorikoengatik izan ez balitz. Pena ematen dit horrek”.

Afizionatu mailara jauzia

Datorren denboraldian Jira Bira Track talde zarauztarrean ariko da Altuna. “Urtarriletik neukan lotuta hurrengo urterako taldea, eta horrek asko lasaitzen zaitu, jubenil kategoriako azkeneko urtean txirrindulariok gure onena eman nahi izaten dugulako, taldeen arreta erakartzeko”.

Txirrindulari gazteak kontatu digunez, datorren urteetako planifikazioa honezkero diseinatua daukate. Altunaren helburua da urtez urte “kilometro eta entrenamendu-saio gehiago” egitea, ikasten eta formatzen jarraitzea, hemendik hiruzpalau urtera “bizikletan %100ean zentratzeko”.

Batxilergoa bukatuta, Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari da Altuna, Mondragon Unibertsitatean. “Praktika asko egingo ditut, eta horrek aukera emango dit bizikletan erabat zentratzeko, tarte horretan ikasketak apur bat alde batera utzita”. Egunen batean pelotoi profesionaleko kide izatea du amets lasarteoriatar gazteak. “Horregatik borrokatuko dut; gero, denborak esango du noraino iristen naizen. Hala ere, ikusteak gertuko txirrindulari batzuek helburua bete dutela, indarra ematen dizu”.

Profesionalen artean badu erreferente eta ispilu bat Altunak: Haimar Zubeldia usurbildarra. “Gertuko txirrindularia da, etxekoa, profesionaletan ibilbide zabala daukana; noiz edo noiz entrenatu izan du gurekin, gainera. Bera da nire erreferente garbiena, zalantzarik gabe”. 

Ramon Unanue gogoan

Erreferenteez hitz egiten hasita, Altunaren lehenengo prestatzaile izandako Ramon Unanue ezin ahaztu. “Berak eman zidan aukera Buruntzazpin sartzeko, bera izan zen nigan konfiantza erakutsi zuen lehenengo pertsona. Proba bat irabazten dudan bakoitzean, ospakizuna beti da berdina: bi behatz zerura, Ramoni eskainiz”.

11-12 urterekin hasi zen Buruntzazpin. Bizikletan, bi urte lehenago. “Hasieran zaletasun gisa hartzen nuen, baina eboluzionatzen joan naiz, orain naizena izatera iritsi arte; aurtengo denboraldia izan da orain arteko onena”.