Irakurle txokoak urrian hasiko du ikasturte berria

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 20a

Irakurle txokoak beste ikasturte bati ekingo dio urriaren 18an. Euskarazko literatura ardatz duen taldeak idazleak ekarriko ditu berriz ere irakurleekin euren lanez hitz egitera.

Dagoeneko taldeak erabakita dauka ikasturte honetako irakurgaien zerrenda. Horrela izanda, zerrenda zabaldu nahi izan dute herritarrek denbora izan dezaten hauek irakurri eta saioetara gerturatzeko. 

Taldearen gidari lanetan arituko da berriz ere Uxue Alberdi izan ere, honen amatasun baja ordezkatu baitzuen Danele Sarriugarte idazleak aurreko ikasturtean. 

Mota guztietako lanak
Irakurgaien artean eleberriez gain, saiakerak zein poema liburuak ere hautatu dira. Horrela izanda, lehenengo saioan, urriaren 18an, Ramon Saizarbitoriaren ‘Lili eta biok’ eleberria aztertuko da. Honetan Lili 15 urteko neskatoa eta Faustino Iturbe psikologo ohi eta idazlearen istorioa kontatzen da. 

Azaroaren 15ean berriz, Alaine Agirreren ‘X hil da’ lanak hartuko du protagonismoa. Idazlearen esanetan “maitea galtzearen beldurrari buruzko nobela labur bat da”.
Kasu honetan, idazlea etorriko da irakurle txokora herritarren inpresioak jaso eta solasaldian parte hartzera.

Abenduaren 20ean izango da hirugarren hitzordua Harkaitz Cano herritarraren ‘Beti oporretan’ lana ardatz hartuta. Canok 14 ipuin bildu ditu honetan. 

Urtarrilaren 17an ‘Mundua betetzen zenuten’ Tere Irastortzarekin lantzeko aukera izango da. Poema liburuak heriotza du helduleku. 

Otsailaren 21ean Angela Davis-en ‘Emakumea, arraza, klasea’ aztertuko dute. Aktibista estatubatuarraren saiakera honetan emakume beltz eta esklaboen bizitza islatzen da. 
Martxoaren 21ean berriz idazlearekin egoteko aukera izango dute irakurle txokora gerturatzen direnak. Joxe Azurmendirekin ‘Barkamena, kondena, Tortura’ saiakeraz hitz egingo dute. 

Apirilaren 18an Itxaro Bordaren lehenengo eleberria izan zen ‘Basilika’ aztertuko da.  Ikasturteko azken saioa maiatzaren 16an izango da. Honetan Oier Gillanekin ‘Mr señora’ lana izango dute hizpide. Zazpi antzezlanek osatzen dute liburua eta testuetan oinarrituta, ‘Mr. Señora teatro-errezitaldia’ antzezlana osatu eta taularatu du idazleak. 
Irakule Txokoak hilabeteko hirugarren asteartean mantenduko du hitzordua 18:30ean.