KZgunean ikastaro eskaintza zabala

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 20a

Lasarte-Oriako KZguneak teknologia berrietan, sare sozialetan eta ordenagailuko hainbat programetan trebatu nahi duten herritarrei ikastaro eskaintza zabala aurkezten die hilabetero.

Dagoeneko iraileko ikastaroak martxan daude, baina hilabete bukaeran, irailaren 30ean, bi ikastaro jarriko ditu martxan. Bata irudiekin lotua dago, ‘Kizoa: Collageak sortu eta partekatu’ eta bestea sare sozialen arlokoa da, ‘Skype: beste munduko edozein lekuetara doan deitu’. 

Honetaz gain, urriko eskaintzaren berri ere eman dute KZguneko arduradunek.

Ordenagailu edo interneten lehen pausoak ematen dituztenentzat bi ikastaro izango dira.

‘PC, teklatua eta sagua hasieratik nola erabili ikas ezazu’ urriaren 3an hasita eta ‘Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoa erabiltzen ikasi’ urriaren 6tik aurrera. 

Photoshop alde batera utzi eta irudiak programa libreekin editatzen ikasi nahi dutenek ere badute aukera, ‘Argazkiak moldatu GIMPekin’ ikastaroan. Urriaren 28an izango da lehen saioa.

Sare Sozialekin lotuta, ‘Facebook’ sarea ezagutzeko ikastaroa izango da eta irailean eskainitako ‘Skype: Munduko edozein tokitara doan deitu’ ikastaroa errepikatuko da. ‘Facebook’ ikastaroa urriaren 24an hasiko da; Skype ikastaroa berriz, azaroaren 28an izango da.

Smartphone eta tabletek ere bere tartea dute KZguneko ikastaroetan eta horregatik, urriaren 3an hasita ‘Smartphone eta Tabletak. Lortu zure Android Gailuaren etekin handiena’ ikastaroa aurreikusten dute.

Software libreekin lan egiten ikasi nahi duenak ere badu aukera  ‘LibreOffice Writer: Testu dokumentuak sortu aditu batek bezala’ edo ‘LibreOffice Calc: Zure kalkulu orria sortu’ ikastaroei esker.
Ikastaro guztiak, ‘Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoa erabiltzen ikasi’ izan ezik, gazteleraz izango dira.

Izen-ematea

Ikastaro hauetan izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko KZguneak Gaztelekuan duen bulegora hurbildu behar dira interesatuak astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, 943 023 660 telefono zenbakira deitu edo tutor.lasarte@kzgunea.net helbide elektronikora mezu bat bidali dezakete.