Sexu informazio eta aholkularitza

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 22a

Gaztelekuan sexu informazio eta aholkularitza zerbitzua martxan da. Ostegunero 18:00etatik 20:00etara aukera izango dute gazteek sexualitatearen inguruan dituzten zalantzak edo kezkak argitzeko. Aurreko ikasturtean 159 erabiltzaile izan zituen bulego honek eta egindako hiru ikastaroetan parte hartzaile kopurua ona izan zen.

Berriro ere martxan dago gazteentzako sexu informazio eta aholkularitza bulegoa Udaletik jakitera eman denez. 

Bi urte dira zerbitzu hau Gaztelekuan martxan jarri zela Emakumeen Zentroan eskaintzen denaren osagarri moduan. 

Ostegunero 18:00etatik 20:00ak bitartean, sexualitatea landuko da gazteekin modu irekian. Aurreko ikasturtean Udalak adierazi duenez, 159 gaztek erabili zuten zerbitzua hainbat kontsulta egiteko. 

Lehenengo ikasturtean 120 izan ziren bulegotik pasa ziren gazteak beraz erabiltzaile igoerarekin pozik azaldu da Udala. Gazteentzako sexu informazio eta aholkularitza bulegoa 2014ko irailean jaio zen, sexualitatearen inguruko kontsultak argitzeko Emakume Zentroan ematen den zerbitzuari jarraipena emanez.

279 kontsulta
Bi urtetan guztira 279 kontsulta izan dira jaso direnak eta gaiei dagokionez, denetarik izan da. Hala ere, ohikoenak izan dira; nola ligatu, zer egin mutil edo neskak erakartzeko, zenbat antisorgailu mota daude, zer gertatzen da kitzikapenean edo orgasmoan, nola lortu bikote harreman zoriontsuak, lehenengo aldiaren mina, zein adinetan aproposa den sexu harremanak edukitzea, kondoien eskaera ere egin da eta harremanei buruzko aferak galdetu dira, besteak beste. 

Intereseko tailerrak
Kontsultez gain, hiru tailer ezberdin antolatu ziren aurreko ikasturtean zehar Gaztelekuan bertan hainbat gai lantzeko eta “arrakasta eta erantzun ona eduki zuten hirurek”. Lehenengoa apirilaren 1ean egin zen. ‘Drogak eta efektuak sexualitatean’ gaia landu zen eta honetara 20 mutil azaldu ziren. 

Ekainaren 9an ‘Youtuberrak eta matxismoa’ izan zen hizpide eta 12 neska eta 3 mutilek parte hartu zuten. Azkenik, ekainaren 24an, herriko jaien aurretik, egindako ‘Alkohola, jaiak eta mutil eta nesken kuadrillak’ 20 mutil eta 10 neskaren parte hartzea izan zuen.

Udaletik espero dute ikasturte honetan zerbitzu honek oraindik gazte gehiago erakartzea.