Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Martin Berasategui sukaldariak, Beatriz Juez Sozioekonomia arloko batzordeburuak eta Dioni Avila teknikariak azaldu dituzte gaur I. Aste Gastronomiko honetako nondik norakoak.
Jesus Zaballosek azaldu modura, Martin Berasateguirena proposamena izan zen Lasarte-Oria herri gastronomiko bezala ezaguna izatea.
Aste gastronomiko hau da lehen pausoa, Beatriz Juezek azaldu duenez, “era umilean hasi eta pixkanaka handitzen joatea espero dugu”.
Martin Berasateguik aipatu legez, “Lasarte-Oriako herriari asko zor diot emandako laguntzarengatik eta Donostiaren antzera, Lasarte-Oria herri gastronomikoa izatea gustatuko litzaidake eta beste herrien mirespena izatea. Horretarako guztiok batera egin beharko dugu gogor lan”.
Alkateak eta Sozioekonomia arloko ordezkariek eskerrak eman dizkiete lehen aste honetan parte hartuko duten ostalariei.
Honetaz gain, Jesus Zaballosek merkatariek duten 'Tratu on bat' markaren antzera, ostalariei zuzendutako 'Herri gastronomikoa' marka sortuko dutela aurreratu du.
Erakusketa eta dastaketa
Astearen egitarauari dagokionez, lehenik 'Plater gastronomikoak' ekimena eramango da aurrera.
Honetan, Lasarte-Oriako lau elkarte gastronomikok ateak irekiko dizkiete herritar eta herriko jatetxe edo tabernetako sukaldariei. Goiegi eta Txartel Txokok eta pintxo ibilbideko bi edizioetako irabazleek, Yolanda eta Sancho tabernetako kideek sukaldaritza erakusketak egingo dituzte herritarren aurrean. Ostean, platerak dastatzeko aukera izango da.
Astelehenean izango da lehen saioa Intza elkartean eta bertan Yolandako kideak izango dira lanean. Bihar, Txartel Txokoko sukaldariak Buruntzazpi elkartean izango dira. Asteazkenean, Ama Guadalupe Extremadura etxean Sanchoko kideen txanda izango da eta azkenik, Udaberri tabernan Goiegi jatetxeak prestatuko du platera, ostiralean.
Saio guztiak 19:00etan hasiko dira eta hauetan parte hartzeko elkarteetan izena eman beharko da, plazak mugatuak baitira.
Pintxo potea
Bestalde, ostegun eta ostiralean, 'Pintxo pote gastronomikoa' izango da herrian zehar.
2kn, Abend, Ainhoa, Arkupe, Avenida, Buenetxea, Furia Beltza, Genesis, Izkiña, Izurde, Gure Etxea, Hiru Aldeta, Ilargi, Insausti, Jalgi, Juantxo, Lasarte, La vie, Trumoi, Txanpa, Viña del Mar eta Yolanda tabernetan pintxo berezi batetaz gozatu ahalko da.
Pintxoa egiteko eta platerak egiteko osagaiak Martin Berasategik aukeraturakoak dira: hegaluzea, tomatea, antxoa eta piperrak. “Bertako osagaiak dira, merkeak eta sukaldariek pintxoak edo platerak prestatzerako orduan lan ederra egin dezakete haiekin”, aipatu du Martin Berasateguik.
Azkenik, Lasarte-Oriako Udalak eta laguntzaileek herritarrei gonbita egin diete aste honetako ekintzetan parte hartu eta jakiez gozatzera.