Berrogeita hamar urtetako historia, bertsotan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 24a, 01:21

50. urteurrena ospatzeko ekitaldietan murgildutta dira Landaberri Ikastolako kideak Astelehenean hasi ziren ospakizunekin eta Urrira arte luzatuko dira urte luze horietan guztietan egindako lana omentzeko antolatu dituzten ekintzak. Atzo, 'Bertso berriak, Landaberrin ibilitakoek jarriak' bertso saio atsegina izan zen, Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Landaberri Ikastolako kideak 50.urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dira astelehenaz geroztik eta hilabete osoan zehar, urriak lehenengora arte luzatu asmo dituzte mende erdia ospatzeko antolatu dituzten ekintzak.

Horien artean, 'Bertso berriak Landaberrin ibilitakoek jarriak' bertso saioa egin zuten, atzo gauean, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Landaberriren berrogeita hamar urte horietan guztietan zehar bizitakoak azaleratu zituzten, bertso musikatu eta antzerkiaren bitartez. Ikastolaren ibilbidea eta historia gogora ekarri eta saio atseginaz gozatu ahal izan zen.

Hainbat izan ziren kultur etxeko aretoko oholtza gainera igo ziren ikasle ohi, irakasle eta kideak. Aurrez prestatutako bertso paperak eskuetan, Lasarte-Orian eta Landaberrin bizi izandakoak abestu zizkieten emanaldia ikustera gerturatu ziren ikastolako kideei. Askotariko kontakizunak entzun ahal izan ziren bertan; 1966.urtean, ikastola sortzeko lanetan aritu ziren gurasoen lan eta indarrak, garai hartan herri euskaldunago bat lortzeko egindako esfortzuak, irakasleren batekin izandako bizipenak eta Juan autobus gidariarekin egindako bidaiak ekarri zituzten gogora, besteak beste. 

Ikastolaren bidea luze eta landuari begirada bat botata, 'Landaberri gara' abestuaz eman zioten amaiera bi ordu iraun zituen bertso saioari.