Munduko Ultra Trail proba entzutetsuenetakoa da Mont Blanc-ekoa. Ospe hori ongi irabazita dauka, udara honetan lasterketa hori hasi eta buka egin duten bi herritarrek kontatzen digutenez. Javi Olazagoitia eta Gorka Mateok egin dute balentria.
Frantzia, Suitza eta Italiako lurrak egun gutxitan zapaltzeko moduetako bat da UTMB proba egitea. Hori, ordea, ez dago edonoren esku: mundu osotik joandako 2.500 lasterkari inguruk ekin zioten abenturari Chamonix-eko helmugatik, abuztuaren 26an. Erronka ederra zuten aurretik: 170 kilometroko ibilbidea, 10.000 metroko desnibel positibo metatuarekin.
Helmuga Chamonix-en bertan zegoen, baina parte-hartzaileen ia %40ak ez zuen amaitu proba. Bi herritarrek bai, ordea: 34 ordu, 47 minutu eta hamar segundotan geratu zuen erlojua Mateok, eta 35:50:18ko denboran Olazagoitiak. 195. eta 246. izan ziren, hurrenez hurren. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
“Kontentu nago egindako lasterketarekin: fisikoki ez nuen eduki arazo aipagarririk, eta ikaragarri gozatu nuen egin bitartean, paisaiekin-eta. Espero baino gehiago gustatu zait”, dio Gorkak. Javik nolabaiteko sentimendu nahasketa dauka: “Oso pozik nago bukatu izanagatik, baina denbora hobea egin izan nezakeela uste dut, 140. kilometrora arte 32 orduko erritmoan nindoalako. Orkatila bihurritu nuen orduan, eta sekulako ekaitz batek ere harrapatu gintuen; arropa dena aldatu nuen, zapatila eta galtzerdiak izan ezik, eta egosi egin zitzaizkidan hankak”.
Paisaia ikusgarriak
Bi lasterkariek nahikoa lan bazuten ibilbidean aurrera egitearekin, baina kilometroak egin ahala topatu zituzten paisaiez ere gozatu zuten.
Mont Blanc mendiaren Italiako aldeak deitu zion arreta gehien Gorkari: “Ikaragarri polita iruditu zitzaidan Bonatti eta Courmayeur babeslekuen arteko gunea; korrika dezente egin zitekeen, eta asko gozatu nuen”.
Javiri galdetuta, Courmayeurrera jaitsi bitarteko egunsentia aipatzen du: “Paisaia benetan ikusgarriak zeuden han; merezi du joateak, turismo egitera besterik ez bada ere. Hori bai, oso garestiak dira gauzak; garagardo batek lau euro balio zituen!”.
Chamonix herria ere ederra dela diote biek, eta proba hasi baino lehenagoko egunetan jada giro aparta zegoela.
Elkar ezagutzeko aitzakia
Bi mendi lasterkarik -lasarteoriatarrak biak, gainera- UTMB proban elkar ezagutzea baino hoberik ba ote dago? Ziurrenik ez. Horregatik, Gorkak eta Javik ez zuten aukera galdu.
Gorkak oroitzen duenez, 80. kilometroko hornidura-gunean topatu ziren aurrenekoz. Geroago ere egin zuten topo, behin baino gehiagotan, nahiz eta bakoitzak bere erritmoan segi. Horietako geldialdi batean, tartetxo bat hartu eta argazkia ere atera zuten biek elkarrekin.
Hurrengoa, Hiru Handiak
Denboraldia bukatu aurretik, etxetik gertuko mendi lasterketa bat burutuko dute Javik zein Gorkak: Gorbea, Anboto eta Aizkorriko gailurrak igaroko dituzte urri erdialdean, Hiru Handiak proban.
“Lasterketaz gozatzera noa, denboraldia lasai bukatzeko asmoz”, zehaztu du Gorkak. Javik ere emanda dauka izena, baina orkatila osatzeko fisioterapia saioak ari da jasotzen. Halere, iristea espero du.