Antolatzaileek jakitera eman dutenez, urrian hasiko dira saioak, baina aurrez bilera bat egingo da irailaren 27an, 20:00etan, Sasoetako ikastetxeko gimnasioan.
Honetan ikastaroaren nondik norakoak azalduko dira, bi saio ezberdin daude eta. Hastapeneko taldeak astearteetan egingo du dantza eta asteazkenetan, aurrez dantzatu dutenei zuzendutako saioa egongo da.
Saioak Sasoetako ikastetxeko gimnasioan izango dira, 20:00etatik 21:30era.
Era berean, bileran ikasleen proposamenak ere jasoko dituzte.
Antolatzaileek aurreratu digutenez, “aurrez dantzatu dutenen taldean aurten dantza zailagoak egingo dira” .
Dabid Egizabal eta Javi Fernandez de Lezea izango dira aurten ere saioak gidatuko dituzten pertsonak.
Antolatzaileek taldeko kide eta interesa duten herritarrei bilerara hurbiltzeko deia egiten diete.
Hilabetero hitzordua
Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dutenez, ikastaro hauetara joan ezin direnek ere aukera izango dute muxiko edo plaza dantzez gozatzeko. Izan ere, aurreko urteetan lez, hilabetero laugarren igandean dantza saioa egingo baita Okendo plazan. Iraileko hitzordua 25ean da, 12:00etan.