Done Jakue giroa asteburuan Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 14a

I. Xacobeo azoka aurkeztu dute gaur goizean udal ordezkari eta azokako antolatzaileek. Ostiraletik igandera, Lasarte-Oriako erdigunea Erdi Aroko Done Jakue bidean murgilduko da. Artisau postuak, tailerrak eta emanaldi ezberdinak izango dira.

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Maite Iglesias Kultura batzordeburuak, Xabier Goitia Kultura teknikariak eta Pedro Carrasco azokako antolatzaileak azokaren nondik norakoak azaldu dituzte gaurko agerraldian. 

"Jendeak ez du uste baina Done Jakue bidea Lasarte-Oriatik igarotzen da. Hori sustatzeko eta jakin arazteko, I.Xacobeo azoka antolatu dugu," azaldu du Jesus Zaballos alkateak.

Pedro Carrasco azokako antolatzaileak adierazi moduan, iaz hasi zen azoka eta pixkanaka heri ezberdinetatik igaroaz, 2021ean hurrengo Xacobeo urtean Santiagora iritsi nahi dute. Horretarako, Done Jakue bide ezberdinak erabiliko dituzte, "batez ere, ezezagunenak direnak, barrualdeko euskal bidea da Lasarte-Oriako kasua".

Eskaintza kulturala

Era honetara, ostiralaeko 17:00etatik igande gauera arte, Okendo plazan, Kale Nagusian eta Elizatze plazan Done Jakue bidearekin zer ikusia duten ekintza ugari izango da, baita 90 bat artisau postu ere.

Carrascoren hitzetan, azokaz gain, eskaintza kulturalari ere eman zaio garrantzia. Antzerkia, musika zeltan oinarritutako kontzertua, haur eta helduei zuzendutako tailerrak, euskaraz eta gazteleraz ipuin-kontalariak, txotxongiloak, sua eta antzerkia uztartzen dituen emananaldia... hainbat ekintza izango dira Elizatze plaza eta azokan zehar.

Guztien artean, Carrascoren aburuz azpimarragarria da, euskal izaki mitologikoei buruzko erakusketa. Hau Udaletxe berriko arkupetan egongo da ikusgai. Erakusketara hurbiltzen direnek izaki mitologiko hauen istorioa eta honekin lotuta dauden usadioak ezagutu ahalko dituzte azokako laguntzaile bati esker. 

Honetaz gain, larunbata goizeko 10:30tako kalejira ere "deigarria" izango dela aurreratu du. "Azokan parte hartzen duten kide eta talde guztiek parte hartuko dute honetan eta herriko erdigunetik ibiliko dira. Okendo plazan amaituko da. 11:00etan, pregoia irakurriko da".

Kale Nagusia itxia

Azokak hiru eremu nagusi izango ditu Okendo plaza, Kale Nagusia eta Elizatze plaza. 

Okendo plazan, hainbat artisau postu, pulperia, teteria eta taberna izango dira. Elizatze plazan, tailerretaz, umeentzako jolasen eremuaz, ipuin-kontalariez, txotxongiloez eta antzerkiez gozatu ahalko dute herritarrek. Azkenik, Kale Nagusia, Tajamarreko biribilgunetik hasi eta Ola Kaleko biribilgunera, artisauen postuez beteta egongo da. 

Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udalak ohartarazten du, ostiraleko goizeko 9:00etatik igande gau erdira arte, Kale Nagusiko eremu hori itxia egongo dela.

Azkenik, Udalak eta azokako antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte asteburuan erdigunera hurbildu eta azoka eta bere ekintzetaz gozatzera.