Kea da modan dagoen fragantzia

Gorka Alvarez 2016ko ira. 16a, 11:00

Kerobia taldearen Supernova diskoko abesti batek zioen moduan, “Kea modan dagoen fragantzia da”. Keak inguratzen gaitu, keak liluratzen gaitu eta keak babestu eta ziur sentiarazten gaitu.

Kea saltzea, erostea, erabiltzea, barreiatzea eta bereziki kearen erabilera berekoia egitea ohiko praktika bihurtu da.  Politikagintzari ustel usaina dariola behin baina gehiagotan entzun izan dugu azken hamarkadetan. Ustel usain hori ordea, ke usainez estaltzea lortzen dute behin eta berriz. Ikusi besterik ez dago estatuko azken hauteskundeetako emaitzetan ustelkeriaren eta lapurretaren aldeko bozka gailendu dela berriz ere.  

Gizarteak gustuko du kea erostea, kea usaintzea eta gainera keak guztia estaltzen duela sinetsita gaudela dirudi. Nola azaldu bestela? Kea ustelkeria ez ikusteko, kea gaitasun eza agerian ez geratzeko, kea egunerokotasunean jasotzen ditugun albiste sinesgaitzak lurrinez busti eta goxoki usaintsu moduan gugana iristeko. Gizarteak gustuko du bai, gustuko dugu kea arnastea. Ke hori sortzen duten mekanismoek seguru sentiarazten gaituzte eta aldaketaren beldurrak ke hori arnasten jarraitzera eramaten gaitu. Pozik bizi gara gure gogoko gauzak entzunez. Zertarako entzun albokoaren nahia edo beharra.  

Irailaren 25ean EAEan hauteskunde berriak ditugu. Gehiengoa nekatu xamar gaude bozka kutxetara joatearekin. Nahikoa ke arnastu dugulakoan joango gara batzuk. Alderdi politikoei, asko eskatzea izango dela iruditzen bazait ere, ke gehiago ez saltzea eskatzen diet. Bai, herriarentzat egiten dutela lan esango didate alderdi guztiek. Alderdi zale amorratuek ere saldu nahiko dute beren alderdiaren lurrina. Hortxe beste arazoetariko bat. Lurrina konbentzitzeko erabiltze hori jasangaitza egiten zait. Lurrin horrek bere xarma galtzen baitu kea dela konturatzen zarenean. 

Ke gehiegi arnastutakoak gara norabide eta alderdi guztietatik. Egunerokotasunean herritarroi eragiten diguten alorrak modu egokian bideratzeko, hitzak baino ekintzak nahi ditut eta bide batez ere, behingoagatik ke sinboliko eta ideologikoaren zurrunbiloa utzi eta adostasunak bilatu ditzatela ke hau benetako ke kutsagarri bihur ez dadin, horrek bai, izango duelako, gugan, herritarrongan eragina. Errausketarik ez! Ez hemen, ez inon!