Alderdiak kalean izan dira kanpainan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 16a

Eusko Legebiltzarretako hauteskunde kanpainan alderdiek kaleko ekintzei garrantzia eman diete. Aste honetan hainbat ekintza izan dira herrian.

PSE-EE alderdiak astelehenean Isla plazan. Bertan Gipuzkoako hautagaia den Susana Corcuera eta Antonio Hernando Estatuko Kongresuko bozeramailea izan ziren hizlari. 

Ostean, larrosa banaketa egin zuten plaza eta inguruetan.

Azoka

Asteazkenean, azokan ikusi ahal izan genituen EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdietako kideak. 

Lasarte-Oriako Elkarrekin Podemosek Andoain eta Hernaniko alderdikideen laguntza izan zuten haien programa  eta goxokiak herritarrei banatzeko.

PSE-EEko kideek aldiz, aste honetan bigarrenez, Susana Corcueraren bisita jaso zuten azokako larrosa banaketa egiteko.

EAJko kideek gozokiak, programak eta poltsak banatu zituzten.

Asteburuko ekintzak

Bestalde, ez dira hauek aste honetako ekintza bakarrak izango, larunbatean ere ekimenak iragarri dituzte herrian  hainbat alderdik.

Gaur arratsaldeko 17:30ean, alderdi sozialistak larrosak banatuko ditu Jaizkibel plazan.

EHBilduk larunbatean Ipar martxa saio berezia antolatu du, 11:00etan. 

BM parean hasi eta Lasarte-Oriako hainbat toki esanguratsu ezagutuko dituzte. Ibilbidean zehar, parte hartzaileek alderdi abertzalearen programaren berri izango dute.

Era berean, arratsaldean EHBilduk Miribilla-Bilbao Arenan antolatu duen ekitaldi nagusira hurbilduko dira alderdiko kideak.

Autobusa arratsaldeko 15:30ean aterako da Ilargi taberna ondoko geltokitik Bilbora.

Bestalde, Elkarrekin Podemos alderdiko kideak kalean izango dira larunbatean. 

Mahai informatiboa jarriko dute haien programari buruzko azalpenak eskaintzeko. Kale Nagusia 32 zenbakiaren ondoan izango da, 11:00etatik 13:00etara.

Beste ekimenak

Hau guztiaz gain, Lasarte-Oriako EHBilduk Otegiren inhabilitazioa gaitzetsi eta eskubide demokratikoak aldarrikatzeko argazki-kanpaina jarri du abian.

Honetan herritarrek Otegiren keinua eginaz argazkia atera eta facebook edo twitter bidez alderdiari bidali behar diote.

EHBilduko kideek jakitera eman digutenez, sona handia izan du sare sozialetan eta dagoeneko 200 argazki jaso dituzte. 

Biltzen dituzten argazki guztiekin mosaiko handi bat osatzen ari dira.