Aterpeak Stock azokaren edizio berri bat egingo du ostiralean. Aurkezpenean Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak azaldu moduan, “gogotsu ekiten diogu ikasturte berriari”. Ekintza ezberdinak aurreikusten dituzte Gabonak bitartean eta espero dute herritarren babesa izatea guztietan.
Gabonak bitarteko lehenengo ekimena izango da Stock azoka hau.
“Argi utzi behar da azoka honetan parte hartzen duten komertzioen helburua udazkena eta negu denboraldi berriari lekua egitea dela eta kalera aterako dituztela aurreko denboraldiko produktuak. Stocka aurreko denboraldian saldu ez den produktuek osatuko dute”.
Izan ere, komertzioek, ikasturte berriarekin batera, produktu berriak ekartzen dituzte “eskaintza berritzeko”, horregatik beharrezkoa izaten zaie saldu ez diren produktu horiei irteera ematea.
Hamar dendek parte hartuko dute aurtengo azokan; Merceria Aritza, Bazar Abreu, Alba Moda, Mercería Olmi, Urruzola mertzeria, Iturbe, Complementos Alda, Kattagorri Jolas, Donna Boutique eta Ola enmarcaciones.
Hauek guztiak ostiralean euren produktuak denden aurrera aterako dituzte herritarrek errazago ikus ditzaten. Ramon Ormazabalen hitzetan aukera onak izango dira.
Ekintza gehiago
Gabonak bitarte, Aterpeak Bezeroaren hamabostaldia, Pintxoaren ibilbidea eta Gabonetako kanpaina abian jarriko ditu. “Pintxoaren ibilbideak izugarrizko arrakasta izan du aurreko edizioetan eta hala jarraitzea espero dugu. Oso harrera ona izan duen ekintza izan da”.
Bestalde, udal ordezkariak ere izan dira aurkezpenean eta Ormazabalek eskerrak eman nahi izan zizkien, herriko komertzio eta tabernei ematen zaion babesagatik. Horren harira, Aterpeako lehendakaria oso pozik azaldu zen berriki sinatutako hitzarmenarekin.
“Azken urteetan egin bezala, sinatu berri dugu elkarlanerako hitzarmena udalarekin, eta horri esker, herriko komertzio eta tabernak dinamizatzen jarraituko dugu ekintza ezberdinak burutuz”.
Hitzarmenak beste balio bat ere badu merkatari eta ostalarien elkartearentzat, izan ere, horri esker beste erakundeetan diru laguntza eskaerak egin ahal izango dituzte herrian hainbat ekimen egiteko.
Horrela izanda, Stock azokak eskainiko duena ikustera gonbidatu zituzten herritarrak: “Ziur gustuko gauzak aurkituko dituztela”.