'Lasarte', bihotz eta soinean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 19a

Lasarte-Orian jaio eta hezi zen Marian Lopez, 16 urterekin Almeriara bizitzera joan zen arte. Duela lau urte triatloiak egiten hasi zen; urtetik urtera kirolari bezala garatzen eta hobetzen ari da. Badaramatza hiru hamarkada Andaluzia aldean, baina oso presente darama gure herria. Jokatzen dituen proba guztietan, 'Lasarte' eramaten du triatloiko buzoan.

Andaluziara etorri nintzenetik oso ongi zaindu naute, eta gustura nago, baina nire herria, nire herria da”, nabarmentzen du Marian Lopez triatletak. Lasarte-Orian jaio eta hezi zen, eta 16 urterekin Almeriara joan zen bizitzera. Dena den, kontatzen du urtean behin gutxienez bueltatzen dela herrira, Gabonak familiarekin igarotzera. Marianen ahizpa herrian bizi da. Garai batean, Marianen amak 'Lutxi' drogeria zeukan, Barrenetxe (orduan Salegi zeukan izena) okindegiaren aldamenean.

Marian beti egon da kirolari lotuta. Txikitan, saskibaloian aritu zen, Michelin taldean. Handik urte batzuetara, jada Almeriara joan eta gero, squashean hasi zen jokatzen, ukalondoko lesio bat eduki arte. Orduan hasi zen murgiltzen triatloiaren munduan, duela lau urte. Gaur-gaurkoz diziplina hori egiten jarraitzen du, sasoi betean. Almeriako Club Ego Runin taldean aritzen da.

'Lasarte', bihotz eta soinean

Talde horretan aritzen diren triatletek euren abizena daramate buzoan. Denek, Marianek ezik: hark, gure herriaren omenez, 'Lasarte' izena darama soinean. “Ilusio asko egiten dit 'Aupa Lasarte!' entzuteak, konpetitu bitartean; nire sustraiak han ditudala argi daukat, eta asko gogoratzen naiz herriarekin”, zehazten du.

Iragan astean Triatloi Kross modalitateko Andaluziako txapelketa irabazi zuen, taldeka, 45-49 urte bitartekoen adin-tartean. “Nire helburua ez dira emaitzak, ez dut saldu nahi eliteko triatleta naizenik, ez baita egia; kirola egitea dut gustuko, entrenatzetik leher eginda iriste hori, taldeko giroa, konpromisoa, esfortzua...egunetik egunera triatleta hobea izan nahi dut”.

Urteroko bisita gabonetan egingo du Marianek. Halere, iaz San Pedroetan egon zen: “Asko gozatu nuen; batez ere, herri kirolek deitu zidaten arreta". 

Etorkizun batean Donostiako triatloia edota Zarauzkoa egitera etortzeko asmoa daukate Marianek eta taldekideek, baina ez dakite noiz izango den posible: "Ez da erraza denok koordinatzea eta asteburu batean hona etortzea, konpromisoak dauzkagu bestela ere, eta bestalde, Euskal Herriarekin loturarik ez daukatenentzat zailagoa da horrenbeste kilometro egitea. Niretzat, aldiz, ez: Lasarte-Oriara etortzeko 1.000 kilometro egiteko, ni beti prest".