Jesus Zaballos alkateak eta Peio Urtasun eta Marta Pastor hipodromoko ordezkariek zabaldu zuten erakusketa abuztuaren amaieran. Erakusketa hipodromoaren ibilbidea irudikatzen duten zenbait objektu eta haren historiaren argazkiak biltzen ditu. Aurkezpenean, alkateak bereziki eskertu zuen erakusketa herrira iritsi izana, “lasarteoriatarrek oso berea sentitzen baitute Hipodromoa”.
Urtasunek eta Pastorrek azaldu zutenez, erakusketarako materiala lortzea ez da erraza izan, “ez dago asko”. Erakusketaren oinarria Kutxa Fundazioaren artxibo historikoko argazkiak dira baita hainbat partikularrek utzitakoak ere.
150 argazkiek Hipodromoaren historia luzea jasotzen dute, eta hauetan lasarteoriatar asko identifikatu daitezke.
Ikusgai jarritako materialaren artean, nabarmentzekoa da Hipodromoaren 75. urteurrenean entregatu zen Urrezko Kopa. Horretaz gain, hainbat zalditegitako jaka motzak daude, horietako batzuk eskuz egindakoak.
Aipatutakoaz gain, helmugako foto finisherako kamera bat, apustuetarako zenbait makina, lasterketei buruzko liburuak, kartelak eta panelak daude ikusgai. Corto Maltes-en komiki bat ere badago Lasarteko Hipodromoaren aipamena egiten duena.
Erakusketara gerturatzeko, Mercero aretoa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da zabalik.