Exiquio Perez eta Adela Manso Biyak Bat elkarteko zuzendaritzako kideak, Jesus Zaballos alkatea eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua izan dira 2016 urteko Nagusien Omenaldiaren nondik norakoak eskaini dituztenak.
Jesus Zaballosek aurtengo ospakizunak urriaren 1etik 8ra egingo dela jakitera eman du.
Adela Mansok berriz, ekintza zehatzak aurkeztu eta eskerrak eman dizkie egitarau zabala antolatzen lagundu duten erakunde, elkarte eta pertsonei.
Egitaraua
Urriaren lehenean emango zaie hasiera ospakizunei. Elkartean bandera igoera egin eta agurra dantzatuko da.
Ostean, Isla plazan, toka, igela eta pote txapelketak jokatuko dira; elkartean, berriz, bingo lehiaketa.
Urriaren bian, igandean, hainbat ekintza antolatu dira: San Pedro parrokian meza, kalejira, Amaia Gonzalez Caballeroren erakustaldia, bazkaria eta dantzakiak 'Ruby berriak' taldearen eskutik.
Aurkezpenean azpimarratu legez, bazkarian 80 urte betetako bazkideei oparitxo bat egingo zaie, baita adinez zaharren diren emakume eta gizonari ere. Gainera, Gizarte Zerbitzuetako arduradun den Lourdes Acevedok, 90 urte baino gehiago dituzten eta bazkarira gaixotasunagatik edo dena delakoagatik joan ezin diren herritarrek etxean detailetxo bat jasoko dutela ere jakitera eman du.
Astelehenean, urriaren 3an, kiroldegian gimnasia erakustaldia eta elkartean ipuin-kontalaria izango dira.
Urriaren 4an, Biyak Bat elkarteko abesbatzak eta Lezoko abesbatzak emanaldia eskainiko dute Ama Brigitarren kaperan.
Asteazkenean, urriaren 5a, zumba eta lerroko dantzen erakustaldia egingo dute elkarteko kideek. Antzerkia ere izango da arratsaldean.
Urriren 6an, goizean, ibilaldi osasuntsua egingo da herritik barrena; arratsaldean berriz, dantza lehiaketa.
Urriaren 7an, ostirala, ibilaldi neurtua eta antzerkia izango dira.
Azkenik, urriaren 8an, larunbatez, urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteek oroigarriak jasoko dituzte eta elkarteko 38. urteurrena ospatuko da.
Izen-emateak
Hauetako hainbat ekintzetan parte hartzeko izena eman behar dela azpimarratu dute.
Urriaren 2ko bazkari gozoa dastatzeko irailaren 16a baino lehen inskribatu behar da. Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta 1951ean edo lehenago jaio izana ere bai.
Lehiaketen kasuan, epea irekia dago, dantza lehiaketarena izan ezik. Hori egunean bertan egingo da.
Bestalde, irailaren 26an ibilaldi neurtuan parte hartzeko izen-ematea itxiko da. Dortsala eta tiketak irailaren 29tik urriaren 4ra jasoko dira.