Intza KE 22-4 Bergara: ezin zen gehiago eskatu

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 3a, 14:25

Gipuzkoako 1go mailan mantentzeko beste urrats bat eman zuten ostiralean Intza KEko seniorrek. Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako bikoteak ez zien inolako aukerarik eman Bergarako pilotariei: 22-4.

Gorriz markatuta zeukaten ostiral iluntzeko neurketa Gipuzkoako 1go mailako Intza KEko seniorrek. Berebizikoa zen bi puntuak poltsikoratzea, eta hala egin zuten Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak. Nagusitasunez, gainera: 22-4 hartu zuten mendean Bergarako bikotea.

Landaberriren 50. urteurreneko bazkaria zela kausa, Michelingo pilotalekuan ez, Loidibarrenen aritu ziren bi bikoteak. Dezente hobea da Michelingo kantxa, eta ikusteke zegoen herritarren erantzuna. Dudarik baldin bazegoen, berehala uxatu zituzten Artetxek eta Elolak, lehen tantutik azkenera arte serio jokatuz.

Intza KEko bikotea berehala aldendu zen markagailuan: ohartzerako, 5-1 hartu zuten aurrea. Taktika argia zen: Mikel Elola atzelariaren forma momentu gozoa probestu, eta jokoa atzeko koadroetara eraman. Komeriak izan zituen atzelari bergararrak herritarren pilotakadak erantzuteko, eta Artetxek ez zuen barkatu aurreko koadroetan.

Bergararrak saiatu ziren partidua orekatzen, 5-2 jarri ziren, baina ordutik aurrera ez zuten aukerarik eduki: 12-3 aurreratu ziren Artetxe eta Elola, eta 22raino akatsik egin gabe jarraitu zuten.

Ez zen gutxiagorako: irabaztea berebizikoa zen Intza KEko bikotearentzat. Urrats bat gehiago eman dute maila mantentzeko bidean. Dena ez daukate eginda, ordea; asteburu honetan beste neurketa oso gogor bat jokatuko dute, Billabonaren aurka.

Momentuz, baina, etxeko lanak oso ongi egiten ari dira lasarteoriatarrak. Hiru partidu jokatu dituzte, eta bost puntu pilatu sailkapenean. Tantoen aldea ere, oraingoz behintzat, oso positiboa da: 60 egin dituzte, eta 40 jaso. Jarrai dezatela horrela.

3. mailako seniorren porrota (15-22)

Larunbat goizean jokatu zuten norgehiagoka Lasarte-Oriako Loidibarren pilotalekuan. Zegamako Tartaloetxeren aurka aritu ziren jokoan Haritz Urkia eta Aritz Solano herriko pilotariak. Markagailuan atzetik geratu ziren ordea lasartearrak; 15 eta 22 galdu zuten. Denboraldia hasi zenetik hiru partidu jokatu dituzte eta horietatik bakarra irabazi.