'Oh! Brother' filmari esker ezaguna egin zen 'Down in the river' beltz espiritualaj eman zion hasiera kontzertuari.
Hau ez zen film bateko doinua entzun zen aukera bakarra izan. Kontzertuan aurrerago, 'Los chicos del Coro' filmeko 'Caresse sur L'ocean'. 'El Principe de Egipto' animaziozko filmeko 'Cuando tú creas' edo 'La vida es bella' filmeko abesti nagusia ere eskaini zuen Logroñoko abesbatzak.
Gaur egungo gipuzkoar musikagileei keinu eginez, Javier Bustoren 'Kanta Cantemus' doinua ere entzun zen kaperan.
Musikari handiak ere izan ziren egitarauan. Haendelen 'Lascia ch'io pianga', Pietro Mascagniren 'Ave Maria' edo Andrew Lloyd Weberren 'Pie Jesu' kantuek eliz musikaren doinuak erakarri zituen komentura. Atal honetan ere sartu dezakegu 'Amazing Grace' doinu ezaguna.
Pop-ak ere izan zuen bere tartea. Mundu osoan ezaguna den 'Stand by me' doinua, Mecanoren 'Hijo de la luna' abestia edo ABBA talde suediarraren 'Siempre ABBA' nahasketak dantzan eta kantuan jarri zituen komentuko kaperara hurbildu ziren herritarrak.
Larunbatean aurkeztutako egitarauko hainbat doinuetan bakarlari lanak egin zituzten Paqui Bustamantek, Maria Martínez de la Concepción-ek eta Olivia Berdoncesek. Laura Cabezón piano jolearen laguntza ere izan zuten.
Orfeón Logroñesek, 'Aurtxo polita' abestia eskaini zuen bis modura eta amaieran ederki eskertu zuten ikusleek Errioxako taldearen lana.
Elkartrukea
Orfeón Logroñes abesbatza Lasarte-Oriako Alboka Abesbatzak gonbidatua etorri da.
Herriko abesbatza apirilean joan zen Errioxara eta Orfeoiko kideek besoak zabalik hartu zuten, baita Sagasta Institutuko aretoan bildu ziren ikusleek ere.
Orain Errioxako taldearen bisita izan da. Alboka Abesbatzako kideekin batera, kontzertu oste paregabea izan zuten Semblante Andaluz elkartean afari ederra dastatuz.