Hastear da aurtengo Kultur Kale zikloa. Larunbat honetakoak irekiko du udararako antolatu diren kontzertu-sorta: Psicoacustic taldeak -pasa den urtean aritzekoak ziren, baina emanaldia bertan behera geratu zen bi aldiz- joko du Oria auzoko Brunet kioskoan, larunbatean, 20:00etan.
Iazko eta aurtengo zikloen arteko desberdintasunetako bat emanaldien hasiera orduarena da. Txus Alonso Gazteria eta Jaiak batzordeburuak zehaztu legez, kontzertuak ordu erdi beranduago hastea erabaki da, "jende gehiago" joan ahal izateko horietara: "Arratsaldean planak dituzten herritarrek ere edukiko dute tartea kontzertuez gozatzeko". Alonsorekin batera, Jesus Zaballos alkateak eta Xpressionk elkarteko kide Jokin Telleriak aurkeztu dute zikloa gaur goizean, Gaztelekuan.
Alkateak egitasmoaren errepaso historikoa egin du: "Taberna batzuetan emanaldiak antolatuz hasi zen zikloa: kultur etxeko kafetegira eraman zen gero, institutuko azken urteko ikasleek bertako taberna kudeatzen zutelarik, eta egitasmo are irekiagoa burutu dugu azken urteetan, kultura kaleetara ateraz eta deszentralizatuz, herriko auzoetara zabalduz". Era berean, zehaztu du "pozik" dagoela Kultur Kalek herrian izan duen harrerarekin, eta espero duela aurtengoa ere "arrakastatsua" izatea.
Zazpi emanaldi udaran zehar
Jokin Telleria Xpressionk elkarteko kideak eman du aurtengo zikloko egitaraua osatzen duten kontzertuen berri. Arestian esan bezala, Psicoacustic taldearen emanaldia izango da lehena: larunbat honetan joko dute, Oria auzoko Brunet kioskoan, 20:00etatik aurrera. Hasiera orduak berberak izango dira emanaldi guztietan; tokiak, berriz, ez. "Urbarte auzoa ere sartu dugu aurten; hori da berrikuntza nagusietako bat", zehaztu du Txus Alonsok.
Uztaila amaitu baino lehen beste emanaldi pare batez gozatu ahalko dute herritarrek. Donostiako Jazzaldiarekin bat eginez, gure herrian ere jazz giroa egongo da hilaren 23an, Zumaburuko Andapa kalean. Igor Letona Jazz Quartet taldea ariko da egun horretan. Astebete beranduago, berriz, Lauroba taldeko abeslari Iker Lauroba ariko da Tximistarretan.
Abuzturako beste kontzertu pare bat antolatu dira. 6an Urko Menaia donostiarraren txanda izango da. Okendo plaza girotuko du. 27an berriz, Underneed taldea ariko da, Okendo plazan baita ere.
Iraileko bi emanaldiek itxiko dute aurtengo Kultur Kale. 3an PJ Kahuna&Sara Grajal bikoteak eskainiko du kontzertua Tximistarretan; 10ean, berriz, Hugo Silveira&Naldo Gomes brasildarrek Urbarten joko dute.