"Sasoeta Sasoian" auzo elkartea aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 15a, 21:26

Sasoeta auzoak badu, bigarrengoz, auzo elkartea. "Sasoeta Sasoian" Auzo Elkartearen aurkezpena egin berri dute, gaur.

Sasoeta auzoak badu auzo elkarte berria; "Sasoeta Sasoian". Zenbait auzotarren kezkak eta nahiak bultzatuta, auzo elkarte bat sortzearen ideiari forma ematen hasiak dira dagoeneko. Horrela, elkartearen prozesu administratiboa abian jarrita, bizilagunekin lehenengo bilera izan dute gaur, arratsaldeko 18:30ean, Jaizkibel Plazako Gaztelekuaren areto nagusian.

Bildu dira 20 bat lagun, elkartearen berri izan eta beraien ideiak plazaratzeko. Hasieran, elkartea sortzeaz arduratu diren kideek izan dute hitza. "Sasoeta Sasoian" aurkeztu, eta etorkizun laburreko proiektuaren eta ideien berri eman diete bertaratutakoei. Pixkanaka, bilerara gerturatu diren bizilagunak hartu dute hitza eta euren esperientziak, nahiak eta parte-hartze asmoak elkarbanatu dituzte.

Elkarteari hasiera bat emateko asmoz, irailak 30 eta urriaren lehenengorako, auzoko festak antolatu asmotan dabiltza eta hitzordu honen inguruan hitz egiteko asmoz, datorren ostegunerako bilera bat deituko dutela adierazi dute elkarteko kideek.