Murgildu da Oria Karmengo Ama jaietan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uztailaren 16a

Festa giroan esnatu dira Oria auzoan. Oriako Karmengo Ama jaiak ospatzen ari dira eta askotariko ekitaldietan parte hartzeko aukera izan da gaur.

Iritsi da uztailaren 16a, Karmen eguna. Eta berarekin batera, Oria auzoko Karmengo Amaren Jaiak. Festa giroan eman diote hasiera gaurko egunari auzoan. Goizeko lehen ekitaldien ostean, eguerdian, meza nagusia izan da Karmengo kaperan eta jende ugari gerturatu da meza entzutera. Gaurkoan gainera, ahots eta organo doinu goxoek apaindu dute meza nagusia; Pilar Catalina sopranoaren ahotsak eta Amaia Dorronsoro organistaren doinuak entzun ahal izan dira mezak iraun bitartean. Elizkizunaren ostean, eguraldi beroa aprobetxatuz, mokadutxo bat jateko aukera ere izan dute. Luntx eder bat izan da Plazido Muxika plazan. Bertan, erakusketa moduan jarri dituzte gainera, iragan larunbatean, auzoan ospatutako argazki-rallyko zenbait irudi. 

Etxeko txikienen txanda izan da aldiz arratsaldean. 17:00etan, ur-jolasak, globo-gerra eta puzgarriak izan dira, Bruneteneako lorategian. Bainujantziak soinean eta ur-pistolak eskuan zituztela, gazte eta haur asko bildu dira arratsaldea freskatzeko asmoz. Goitik-behera blai eginda, eguzki goxoarekin berotzeko tartea ere hartu dute jolasak amaitu ostean eta merienda goxo batekin eman diote jarraipena arratsaldeari. 

Gauean, musikak hartuko du Oria auzoa. Askotariko musika emanaldiak izango dira auzoan. 

Festen erritmoari eusti asmoz, Basaundiko jaiak ere ospatuko dituzte, uztailaren 30 eta 31ean.