Osasungintzan diharduten Lasarte-Oriako 55 langilek berretsitako manifestua irakurri dute herriko Sare taldeko kideek Santa Barbarako ekitaldian. Euskal presoekin kartzeletan osasun arloan ematen diren “eskubide urraketez” ohartarazi dute honen bidez.
Espainiako legeak ahalbidetzen du tratamendu egokia jaso ahal izateko, larri gaixorik dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea.
Gaur egun osasun arloan gertatzen diren hainbat egoera azpimarratu nahi izan zituzten honetan. Espainia eta Frantziako espetxeetan hamar euskal preso daude gaixotasun larri eta sendaezinekin, tartean Ibon Fernandez Iradi herritarra, esklerosi anizkoitza duena.
Osasun arloko langileek adierazi dute idatzian, “kalean egonik gaitz larri eta sendaezinak jasatea oso gogorra bada, irudika al dezakegu, esaterako, esklerosi anizkoitza, kardiopatia iskemikoa larria, nahasketa psikotikoak edo espondilitis ankilopoietikoa duten presoek jasaten duten sufrimendua? Egun, segurtasun arrazoiek lehentasuna dute osasun eskubidearen gainetik”.
Horrela izanda, sendagilearen kontsultan kartzelaria aurrean egoteko agindua dago eta kanpoko konfiantzazko sendagileari kontsulta egiteko aukera “normalean ukatu egiten zaio, eta kontsultak ematen diren kasu bakanetan kartzelako sendagilea aurrean egon ohi da”.
Ospitalera egin beharreko irteeren kasuan, “hilabete luze eta hainbat kasutan urteak ere atzeratzen dira. Horrela, gaixotasuna garaiz hartzeko denbora pasa eta gaitza oso aurreratua dagoenean ematen da diagnostikoa”.
Frogak edo ebakuntzak egiterakoan, “oso ohikoa da presoa lotzea, nahiz eta poliziez inguratua egon. Osasuneko langile gisa askotan ikusi dugu presoentzat dagoen protokoloa ez betetzea”.
Bukatzeko, manifestuan pertsona guztien osasunerako eskubidea eta gaixotasunen tratamendua zein zaintza ahalik eta era egokienean jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute.
“Aipatutakoengatik euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzea eta osasun arloan legeek diotena betetzea eskatzen dugu”.
Ekitaldian bi bertso kantatu dira Ibon Fernandez eta Garikoitz Arruarte gaixo dauden Lasarte-Oria eta Hernaniko presoak gogoratuz.
Santa Barbara mendia
gure gatazken lekuko
harriak mintzo balira
asko ziren isilduko
gaur hona etorri gara
Sarek hotsegin orduko
“hartu trena” entzun dugu
ta nola ba, egin uko
osasungintzako kideen
ahotsa dugu ozenduko
legea bete dezaten
tinko dugu eskatuko
preso ditugun gaixoak
ditugula askatuko
bestela gatazka zaharra
ez da inoiz bukatuko
Ibon Fernandez Iradi
ta Garikoitz Arruarte
zuekin dago Hernani
zuekin dago Lasarte
ezer baino lehen jakin:
“asko zaituztegu maite”
horregatik gaur ere da
trena leporaino bete
eskubideak lortzea
hain da guretzat urgente
etxean nahi zaituztegu
arin, azkar, derrepente
Buruntzaldean gurekin
guztion ametsen parte
eta ez dugu etsiko
zuek hemen izan arte
Doinua: Habanera