Santa Ana eguna ospatzeko ekintza ugari

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uztailaren 18a

Lasarte-Orian Santa Ana Eguna ospatzea ohitura da. Uztailaren 26an, egun osoko egitaraua egongo da, baina aurretik ere izango da ekintzarik. Ttakun kultur elkarteak, Sendoki elkarteak, Aterpea Merkatari elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatu dituzte egitasmo ezberdinak.

Aurrekari modura, Zurmailu elkarteak egur-taila erakusketa jarri du Antonio Mercero gunean.

Asteartean ireki zituen ateak eta honetan elkarteko kideen lanak ikus daitezke.

Erakusketaz gozatzeko azken eguna artisau azoka eguna izango da.

Artisau azoka

Uztailaren 24an, igandea, artisau eta janari postuek Okendo eta Antonio Mercero plaza hartuko dituzte goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

Sendoki elkarteak antolatutako XXXI. Santa Ana artisau azoka honetan artisautza produktuak eta jakiak ikusi eta erosi ahalko dituzte herritarrek.

Sendokiko kideek jakinarazi dutenez, artisauen 25 postu izango dira Okendo plazan eta hauen artean, hainbat herritar izango dira.

Egur-tailak, larruzko produktuak, bitxiak, zilarrezko produktuak, koadernaketa, alpargatak, otarrak... izango dira postuetan. Gainera, artisau batzuk zuzenean lanean ikusteko aukera ere izango da.

Udaletxeko arkupetan, Zurmailu elkarteko kideak izango dira lanean. Biyak Bat elkarteko kideen eskulanak ikusgai izango dira eta 13 emakume izango dira ehozirilanak egiten.

Bestetik, gazta, ogia, patea, marmeladak, hestekiak, euskal patelak, eztia, gozoak... 27 jaki postu izango dira Antonio Mercero plazan herritarren gosea lasaitu edo areagotzeko.

Berrikuntzak eta omenaldia

Berrikuntza bat ere izango da egitarauan, Hipodromoko mendeurrena dela eta. 3 eta 10 urte arteko haurrentzat poneyak egongo dira goizean, 11:00etatik 14:00etara.

Hau guztiaz gain, ohiturari jarraikiz, euskal sukaldari bat omenduko dute azokako antolatzaileek 12:00etan izango da Okendo plazan. 

Aurten Andoni Luis Aduriz izango da Cesar Bozal herritarraren labana jasoko duen sukaldaria.

Santa Ana Eguna

Artisau azokatik bi egunera, Santa Ana eguna izango da eta 11:00etan, hasiko dira ospakizunak.

Ama Brigitarren komentuko kaperako mezaren ondoren Ttakun Kultur elkarteak luntxa eskainiko du plazan.San Pedro elizako kanpaiek eguerdia jotzearekin batera, Erketz EDT-ko kideek dantza egingo dute Santa Ana karkabaren aurrean.

Pala txapelketa

Arratsaldean, Loidi Barren frontoian, izango da hitzordua Santa Ana Pala txapelketako final handia jokatuko baita. 

Pala zaletuek, 17:15etatik aurrera, bi partida ikusteko aukera izango dute. 

Lehenik, 3. postua egongo da jokoan. Hau amaitzean berriz, finala.

Oraindik partidatako bikoteak erabakitzeko daude. Izan ere, aste honetan,  final erdiak jokatuko baitira. Hauek amaitzean, jakingo dira txapela jokatuko duten bikoteen izenak.

Umorea nagusi

Eta egunari amaiera emateko,  22:30ak aldera, umorea izango da nagusi Okendo plazan. Lasarte-Orian gertatu edo gure herrian eragina izan duten urteko pasadizoei errepasoa egingo dio Santa Ana Parodian.

Antolatzaileek ez dute ezer aurreratu nahi izan baina azaldu dutenez, herritarrek ederki barre egingo dute bi akusatuek sortutako arazoak jakitean.

Aurretik, indarrak hartzeko asmoz, Parodiako aktoreek Intza elkartean afaldu eta herriko kaleetatik barrena desfilea egingo dute, herritarrei parodiara hurbiltzeko gonbita eginez. Kontuz ibili suhiltzaileekin!!

Kale Nagusia, Ola Kalea, Zumaburu kalea, Kale Nagusia Tajamarreraino eta Hipodromo etorbidetik Okendo plazarara izango da ibilbidea.

Pintxo gozoak

Hau guztiaz gain, egun osoan zehar, Aterpea Merkatari elkarteko zortzi ostalarik Santa Ana pintxoa eskainiko dute. 

Bakailao eta piperrekin prestatutako pintxo izango da eta bakoitzak bere ukitu berezia emango dio. Pintxo gozoa honako establizimenduetan eskainiko da: Arkupe taberna, Lasarte taberna, Viña Del Mar, Buenetxea kafe-taberna, Yolanda taberna, Izurde taberna, Santxo taberna eta Goiegi jatetxea.

Aterpeako lagunek herritarrak gonbidatzen dituzte pintxoak dastatzera.